TTV etxea
TTV etxea Nafarroako RUE arkitektura estudioaren jatorrizko proposamenetako bat da. Madrilgo Malasaña auzoko eraikin baten ertzean kokatutako etxebizitzak izkina hori aprobetxatzen du bizilekuaren diseinu diagonala egiteko. Espazio baten birgaitzearen erakustaldi ezin hobea da.

Gure etxeen barne antolaketak, oro har, eraikuntza elementuen mugei, eraiki den garaiko aukerei, altzariak txertatzeko beharrei edota optimizazio helburuei erantzuten die. Baina, kondizio horiek ez datoz beti bat bertan biziko diren pertsonen benetako behar eta desioekin, ezta etxeak berez eskain ditzakeen aukera espazialekin ere. Hortaz, irtenbidea posiblea eta aberasgarria bada… zergatik ez ausartu?
Gaurko artikuluan ikusten dugun proiektuan, etxebizitzak aurrez ezarriak zekartzan kondizio guztiak kolokan jartzen dira, eta proposamen ausart baten bidez (eta egungo eraikuntza sistemek eskaintzen dituzten baliabide teknikoez baliatuz) eraberritzeak ekar ditzakeen aukeren erakusgarri bikaina bihurtzen da.
“Eraikinaren ertzeko etxea”, “TTV etxea” izenez ere ezagun egin den hau, Madrilgo Malasaña auzoan dago. Eraikinak hiriaren erdigunean ohikoa den egitura sistema du: perimetroa harrizko karga-horma lodiz osatuta dago, barne banaketak adreilu eta egurrez eginiko tabike-entramatuak dira, eta solairuak egurrezko elementuz osatutako forjatuak.
Konfigurazio mota honek, non barne banaketak egitura elementuak diren, esku hartzeko konplexutasunak aurkezten ditu, horiek botatzea eta nahi dena egitea ez baita horren erraza.
Etxebizitzak, ordea, eraikinaren ertzean izateagatik, kokapen berezi horregatik, aukera oso interesgarriak eskaintzen zituen, eta proiektuaren abiapuntua abantaila horiek baliatzea bihurtu zen.
Horrela, ertz horretan eguneko espazio protagonista sortu eta korridore diagonal baten bidez etxe guztia zeharkatzen da. Gainontzeko gela guztiak, mehelinen (bi etxe bereizten dituen horma) albora baztertuak gelditzen direnak, espazio anisotropo honen inguruan artikulatzen dira, eta zeharkako erlazio baten bidez berau zerbitzatzen dute.
Banaketa edo antolamendu berriak jatorrizko egituraren logika erretikularrarekin talka egiten zuen, baina RUE arkitektura bulegoko kideentzat hori ez zen arazo, erronka baizik. Soluzioa adreiluzko karga-hormak ordezkatuko zituzten portiko metalikoak txertatzea izan zen, goitik zetozen kargak beheko sostengu puntuetara transmititzeko gaitasuna zutenak. Entramatuaren puntu kritikoetara egokitzeko beharrak egitura berriari T, T eta V hizkien itxura eman zion, ikuspuntuaren arabera irakur ditzakegunak, eta azkenean proiektuari izena eman diotenak.
Erdiko espazio hutsari protagonismo guztia emateko, perimetroan “azal lodia” deiturikoa aplikatzen da, hiru helburu betetzen dituena: trasdosatu baten bidez isolamendu termikoa gehitzen da, efizientzia energetikoa handitzeko; horma-armairuen bidez erdialde guztia libre uzten da, biltegiratze aukera galdu gabe; eta leihoetako motxeten lodieran jasota dauden kontraleihoak diskretuki jasotzen dira, eguzki kontrola bermatzeko.
Materialtasunak zeresan handia du etxearen irakurketa errazteko momentuan. Tonu neutro eta naturalak erabiliz eta testura aberatseko materialak txertatuz, espazioaren izaera abstraktua nabarmentzen da. Zoruan mikrozementu grisa jarri dute, hormetan astigar-egurrezko panelatu ildaskatuak kokatu dituzte, zuriz lakatuak perimetroan daudenean eta egur kolore naturalaz gainontzekoetan. Sabaietan egituraren espresibitatea nabarmentzeko, hauek zuriak eta goratuak utzi dituzte, eta sartu-irten bereziak sortzen diren puntuetan, hutsune osoa bilduz marmolezko gresitea erabili dute. Horrez gain, etxearen ikuspuntu eta argiarekin jolastuz, puntu urrunenetan ispiluak kokatu dituzte; sakonera irabazteaz gain gune ilun hauetan, etxadiko patioaren inguruan, argiztapena biderkatzea ahalbidetzen du horrek.
Proposamen ausart eta interesgarri honen bidez, RUE arkitektura bulegoko kide Raul Montero eta Emilio Pardok gure aurre-eskemen inguruan hausnartzera gonbidatzen gaituzte, Iruñeko beraien bulegotik proposamen zirikatzaile bezain harrigarriak ekarriz.

El jazz es para todo el año

Aitaren jhatorra

«Es muy pretencioso pensar que puedo cambiar las cosas desde mi obra»

El pinzón que voló de Pasaia a Siberia
