Iñaki Aranburu Barandiaran
LUMA BERRIEN AZTARNAK

Aitaren jhatorra

Kristina Fernandez
Kristina Fernandez

Aitona ura berotzen ari zen su txiki batean tea egiteko. Bitartean bilobak ez zion begirik kentzen. Aurpegi zurbileko ahaideek mantra amaigabeak behin eta berriz errepikatu zituzten hiru egun luzez, ohitura lege.

—Iritsi da ordua— esan zuen aitonak, eta bere ahotsa te txorrotarekin nahasi zen.

Aitaren anaia eta gertuko lehengusuek trago bakarrean basotxoak hustu ondoren, bere gorpua estaltzen zuen izararen ertz batekin burua ere bildu eta airean atera zuten denda kanpoan zegoen gurdi gainera. Hari lotutako jakaren marruekin, mendi tontorretako saiek hegoak zabaldu eta aireratu egin ziren.

Drigung Til monasterioa goizaldeko behe-lainoen artean ageri zen mendi magalean. Eraikuntza eskergaren gainean, zelai aldapatsuetan barreiatuta, eraikin multzo mordoa dago. Aitona eta biloba, are eta gorago dagoen dendatik atera ziren seme eta aitaren gorpuari jarraiki. Ez zuten haietako fraide-etxe batean hileta erritua ospatzeko adina diru. Baina, senitarte guztia ados jarri zen aitari ondo merezitako jhator zeremonia ordaintzeko.

—Eta orain zer gertatuko da, aitona?

—Ez kezkatu, txiki. Zure aitatxo laster gure arbasoekin elkartuko da. Leinu boteretsua da gurea, lehoinabar zuriaren babesean bizi gara eta, haren abegiz, gure aurretikoek ere familia osoaren iraupena eta ongizatea bideratzen dute.

Hildakoa mendian gora eraman zuten soilgune sakratura. Bertan tibetar monje bat zegoen. Airean jira eta bira ari ziren putreak, eta ospakizuna ikusteko edo, tokia hartzen hasi ziren haitz arteko anfiteatroan. Izara kontu handiz kendu eta gorpu jarraigoa aldendu egin zen. Erlijio-gizonak, magalean zeraman arpilleratik aizkora txiki bat atera zuen, eta zerurantz altxatu ondoren gorpua zatikatzeari ekin zion.

—Eskolan erakutsi dizkiguten numenen artean ez dute sekula lehoinabarra aipatu.

—Jakina, hinduismoaren lau oinarrizko sampradayatan ez da lehoinabarra azaltzen —dendara sartu ziren suaren epelera—. Nire birraitonaren anaia bat hasi zen aspaldi, gaur gure familia ospetsua den lanbide horretan.

—Xerpa, aitona?

—Hori da, ume —edalontzitxoak garbitzen hasi zen—. Mendebalde urrunetik, azala elurra bezain zuria zuten mendizaleak etortzen hasi ziren, gure mendien handitasunaz mozkortuta.

Gorputz adarrak banatu zituen lehenik, eginbeharra ezagutzen duenaren maisutasunarekin, eta ondoren sabelaldea goitik behera ireki zuen kolpe bakar batez. Pauso bat atzera eman eta burua alboratu zuen, gorpuak askatu zituen, kiratsak saihestearren. Azkenik, ukabil baten tamainako burua zuen mazo bat atera zuen garezurra txikitzeko.

—Haietako gazte bat oso gartsua zen, eta gure mendietan galtzeko grina zuen. Dawaren oinordekoak gara, xerpa handiak utzitako jakituriaren jagoleak. Berak aurkitu zuen Urretxuko lehoinabarra elurretan blai. Berak erakutsi zion gure mendietan ibiltzen, eta hark ordainetan, babesa eskaini zion. Elkarri laguntzen ezagutu eta gainditu zituzten naturaren muturreko egoerak. Elkarri bizkarra emanda atseden hartzen zuten egonaldietan, eta, elkarri begira jartzen zirenean, batek lasaitasuna ematen zion besteari, eta honek hari, berriz, txinparta.

Bi multzo egin zituen, alde batean hezurrak eta bestean haragiak. Eskuekin airean keinu bat egin eta ordura arte begira egondako saiak bi saltotan soilgunean zeuden. Hegazti taldea ondo erakutsita zegoen, baina jatekoarekin jolasik ez. Sarraskijalea ahalik gehiena ahoratzen saiatzen da denbora gutxienean, nahiz eta ziur egon, kasu honetan behinik behin, egunero jatekorik ez zaiela faltako. Senitartekoek euren mantra sakratua bukatzerako, gorpuaren apurrak besterik ez zeuden zelaian barreiatuta.

—Atzetik etorri zirenek, Lehoinabarra eta Dawaren adiskidetasunari men egiteko sortu zuten familian gure-gurea den leinu berria. Lagun bi hauek errealitatetik mendira ihesi nola, ondorengo haien erlijioarekiko asegabetasunak, pertsona guztiok dugun Brahmana zintzoki jarraitzea ekarri zuen; eta gure sendiak unibertsoaren orekan duen tokia, Elurretako Lehoinabarraren irudian aurkitu zuen.

Monjearen esanera putreak ere apur bat aldendu egin ziren. Honek, haiek utzitako hezur hondarrak erratzaz jaso eta, gehiago txikitzearekin batera, irin hauts eta teaz nahasi zituen, ahi lodi bat egiteko. Hegaztiak deitu eta aitaren gorpua erabat desagerrarazi zuten. Osoki naturarekin bat egin zuen.

Erritua bukatu ostean, monjea dendan sartu zen eta aitonaren aurrean eseri zen. Aitonak te ontzia sutan jarri zuen berriz ere, biloba bere ondora erakarri eta eskua oratu zion.

—Buztinezko ontzia puskatzen denean, tea gordetzeko beste edukiontzi bat bilatzen dugun bezala, zuen seme eta aitaren izatea zeruan dago jada. Sai ohoretsuek eraman dute. Haiek bakarrik dakite zein norabide hartuko zuen izate berriak. Lehoinabarraren aztarnak izango ditu bidelagun. Hartzazu, Xabi, Elurretako Lehoinabarraren leinuko azken oinordeko gisa, zure aitak otoitz egiteko erabiltzen zuen japa mala.

Monjeak aitaren arrosarioa lepoan lotu zion umeari, altxatu eta dendatik irten aurretik.



OSZAR »
OSZAR »