«Ez diet estatistikei begiratzen, egunerokoan ahalik hobekiena egiten saiatzea baizik»
Buruz Buruko B Serieko hirugarren txapela jantzi zuen Joanes Bakaikoak (Etxarri-Aranatz, 1997) iragan larunbatean. Sei ditu dagoeneko Bigarren Mailan eta hurrengo urtean txapelketa nagusia jokatzeko saria du. Nahiz eta balantze «paregabea» egin, nafarrak eguneroko lanari ematen dio garrantzia.

«Ez diet estatistikei begiratzen, egunerokoan ahalik eta hobekien egiten saiatzea baizik»

Duela bi urte bezala, Joanes Bakaikoa aurten ere nagusitu egin da Buruz Buruko B Serieko finalean, nahiz eta Asier Agirre jotzaileago izan (15-22). Garaileak defentsan egin zuen lanari esker, iruindarrak behar baino huts gehiago egin zituen eta zazpi sake erantzun gabe utzi zituen, gainera. Agirrek finala ia galduta zuela zirudienean, 9-16tik 14-16raino ekarri zuen markagailua. Baina Bakaikoak bazekien ez zela partida erraza izango, eta prestatuta iritsi zen demara. Emaitza, hortxe: Buruz Buruko hirugarren txapela, seigarrena Bigarren Mailan, eta hurrengo urteko txapelketa nagusia jokatzeko aukera.
Hirugarrenez Buruz Buruko Serie B-ko txapeldun. Bada zerbait, ez da kasualitatea.
Oso pozik nago. Ez da batere erraza, eta oso pozik nago, bai.
Agirreren kontrako partida gogorra eta fisikoa izan zen.
Hasieran agian abantaila lortu nuen eta sakearekin mina egin nion. Gero, erdi parean, berak bere jokoa erakutsi zuen, eta asko hurbildu zitzaidan. Eta bukaeran, berriz, nik neure maila ematea lortu nuen, eta pozik.
Aipatu duzu hasieran nagusi izan zinela. Egia da une batez Agirre hurbildu egin zela, baina ordurako nahikoa abantaila bazenuen. Gerturatzen hasi zen une horretan zalantzarik edo urduritasunik izan al zenuen?
Nahiko logikoa iruditu zitzaidan. Egia esan, banekien ez zela partida erraza izango eta momentu zailak pasa beharko nituela, eta halaxe izan zen. Horretarako prestatuta joan nintzen. Une horietan burua hotz mantentzen saiatu nintzen; eta bukaeran, berriz, nire jokoarekin ahal izan nuen eta 22ra iristea lortu nuen.
Honek, noski, sari ederra du: datorren urtean Buruz Buruko txapelketa nagusian atarikoa jokatzeko aukera.
Bai, halaxe da. Oso pozik nago. Egia esan, balio handia du txapel honek. Eguneroko lanaren saria da, eta pozik nago.
Aurten Larrazabal nola ibili den ikusi ondoren, antzekoa egiteko gogoa ere sartuko zaio bati...
Bai, gogoa beti dago hor. Egia esan, Ikerrek egundoko txapelketa egin du. Saiatuko naiz nire maila ematen, ahal dudan hobekiena egiten eta nire esku dagoena ahalik hobekiena egiten.
Seigarren txapela duzu Bigarren Mailan. Badira batzuk...
Estatistikei begira, emaitza onak dira. Berez ez zait gehiegi gustatzen gauza horiei begiratzea; eguneroko lanean zentratzen naiz eta gauzak ongi edo gaizki atera, saiatzen naiz eguneroko lana ahalik hobekiena egiten. Dudarik gabe, emaitzak ateratzen badira, hobeto, baina bestela ere egunerokoan ahalik hobekiena egiten saiatu.
Lau eta Erdikoan txapelduna, Binakakoan ordezko gisa aritu zinen partida batzuetan, eta Buruz Burukoan berriz ere txapela. Zer nolako balantzea egiten duzu?
Emaitza aldetik, paregabea, ezin hobea izan da. Ez balira emaitzak hain onak izan ere, balantze oso ona izango litzateke, nire buruarekin nik uste dut lanak ongi egin ditudalako. Ez dut balantzea emaitzen arabera egiten; dudarik gabe, pilotari guztiok irabazteko borrokatzen gara, eta irabazten badugu, sekulako poza ematen digu. Baina, esan dudan bezala: eguneroko lanean gauzak ahalik hobekiena egin eta saiatu egiten ditugun akatsak hobetzen. Hemendik aurrera horretan saiatuko naiz.
Orain, udako martxa hartu aurretik, merezitako opor txiki batzuk izango al dituzu?
Bai. Orain pilotari guztiok aste pare bat ditugu. Oso ondo etorriko zaizkigu pixka bat pilak kargatzeko eta udako denboraldia ilusioarekin hasteko.
Hori ere beharrezkoa da.
Bai, bai. Ilusio handiarekin. Udako partidak pixka bat desberdinak izaten dira, txapelketa ofizialetako tentsio handi hori ez da egoten eta ilusio handia egiten digu.
Datorren denboraldia ere gogoz hartuko duzu, aipatu dugunarengatik.
Horizontean beti ikusten da bai Lau eta Erdia eta bai Buruz Buruzkoa. Behintzat, aukera izango dut onenen aurka gutxienez partida bat jokatzeko. Hori ahalik hobekiena prestatu; gero ongi edo gaizki atera daiteke, egun batera edozer gauza gerta liteke, baina egunerokoa ahalik hobekiena egin eta ahalik hobekiena prestatuko naiz.

Un hombre mata en Bilbo a su hija de 13 años con un cuchillo y después se suicida

Jóvenes y extrema derecha: una generación, dos mundos

Suspenden un concierto de Fermin Muguruza en México alegando falta de permiso y exceso de aforo

500 hilotz Alderdi Ederren, Palestinako mina eta ezina eteteko deiadarra
