
Igande eguerdi gris honetan milaka herritar elkartu dira Donostiako Alderdi Ederren, Gernika-Palestinaren deiari erantzunez, Palestinara elkartasun deiadar bat bidaltzeko. Giza irudi indartsu bat osatu dute, munduari erakusteko euskaldunok palestinarrekin gaudela, Israel egiten ari den genozidioa gaitzesten dugula eta hildako palestinarrak gure hildakoak ere badirela. Hala azaldu dute antolatzaileek, eta jendea lurrean lerroz lerro jarritako 500 izaren aitzinean jartzera gonbidatu dute.
Banan-banan joan dira kokatzen, palestinar bandera, zapi, ikurrin eta CAF enpresak Palestinako okupazioan duen inplikazioa salatzen zuten kartelen artean. Ehunka lagunak maindireen gainean etzan eta barrenean bildu dira, izara itxiz, hildakoak irudikatzeko.
Gernikako sirenak jo du orduan, eta minutu bateko isilunea izan da jarraian, hildako palestinarren omenez. Hotzikara dator min hau eta ezin hau hemen bertan izan zitekeela sentitzean. Hotzikara dator min hau eta ezin hau hemen ere izan zela oroitzean, Gernikak irudikatzen duen bezala. Hotzikara dator palestinarrak elkartasunagatik hain eskertuta eta hunkituta ikustean.
Sol Band eta Eñaut Elorrieta
Ze ariketa ona haien azalean jartzeko, «eten min hau, eten ezin hau, eten gosea, eten infernua, eten sarraskia, eten genozidioa, eten harremanak Israelekin» oihukatzeko, «Palestinak justizia eta bakea behar duelako», Martxelo Otamendik eta Nekane Balluerkak irakurri duten agirian jasotzen den gisan.
Minutuko isilunearen ondotik, Sol Band banda gazatarrak bonben mehatxupean sortutako kantuetako bat eskaini du, erabat hunkigarria. Segidan Eñaut Elorrieta gernikarrarekin batera abestu duen ‘Gernika-Gaza’ kantuaren bertsio berezia adinakoa. Bertan, Gernikako eta Palestinako bonbardaketetan hildako pertsonen izenak oihukatu dituzte.
Bukatu dutenean, txalo zaparrada beroa jo eta ‘Palestina askatu!’ garrasiak egin ditu jendeak. Eta poliki-poliki maindireetatik atera dira herritarrak, berpiztu izan balira bezala. Eskerrak!
Neurri zehatzak eskatu dituzte
Ekitaldiaren bigarren partea hasi da orduan, eta horretarako jendea udaletxeko terrazara pasatu da, bandera palestinarrei goian, tinko eusten ziela, abesbatza batek Mikel Laboaren ‘Baga biga higa’ kantatu bitartean.
Otamendik eta Balluerkak hartu dute hitza, eta neurri zehatzak eskatu dituzte. Lehena, Israel esparru guztietan isolatzea, eta larrialdi humanitarioari aurre egiteko, nazioarteak babesturiko konboi humanitario diplomatikoa abiatzea.
Bigarrena, Israelekin harreman ekonomiko eta militarrak etetea, eta genozidioaren arduradunen kontrako zigor eraginkorrak ebaztea.
Donostiako Udalak israeldar enpresa, elkarte eta eragileekin harreman komertzial eta instituzional guztiak bertan behera uzteko erabakia hartu zuen iragan apirileko mozioan. Eta horixe bera egitea eskatu diete oraindik erabaki hori hartu ez duten gobernu, foru aldundi eta udalei. Baita enpresa, eragile ekonomiko, sozial, akademiko eta kulturalei ere.
Europako Batasunari, berriz, eskatu diote Israelekin hausteaz gain, «neurri tinkoak har ditzala erasotzailea bere oldarraldi basatia amaitzera behartzeko: behin betiko su-etena, okupazioaren amaiera, eta herritarren aurkako indarkeria etetea».
Palestinako herriaren eskubide legitimoekin bat eginez, berriro adierazi dute ez dutela onartuko «Palestinako herriaren errekonozimendua eta Israelek eragindako okupazioa amaitzea ez den beste soluziorik».
Habanera kantatu du abesbatzak, eta palestinar euskaldun batek hartu du mikrofonoa. Argi erran du: «Herri palestinarrak bere lurretan segituko du. Ez du bere lurra utziko». Txaloka eta bandera zuri, berde, beltz eta gorria astinduz erantzun diote.
Itsasoaren eta ibaiaren artean bizi den herri honen eta euskaldunen kultur ondare aberatsak «tiranoei beldurra» eragiten diela ere nabarmendu du. «Israel ez da gobernu soil bat; estatu bat da, egitura bat, gizadiaren kontrako krimenen historia bat. Milaka urte darama gerra krimenak egiten», argitu du.
‘Euskal Herria Palestinarekin!’ erantzun diote, eta Laboaren ‘Martxa baten lehen notak’ kantatu du abesbatzak.
Iruñean
Iruñean ere egin dute mobilizazioa, Yala Nafarroak eta BDZ Nafarroak antolatuta, gobernuei Israelekin erabat puskatzeko exijitzeko, «maila guztietan». Milaka lagun elkartu dira hemen ere. Baluartetik Nafarroako Jauregira arteko bidea egin dute manifestazioan, kalez kale bandera palestinarrak zabalduz eta Israelentzako boikota eta zigorrak exijituz.
Lidon Soriano Yala Nafarroako bozeramailea hedabideekin mintzatu da martxa hasi aitzinetik eta baieztatu du «Palestinako genozidioa muturreko basakeria baten fasean dagoela».
«Jendearen presioari esker, gobernuak dialektika aldatzen ari dira behintzat. Ez dago zalantzarik, ez da aski, genozidio bat ez da hitzekin gelditzen, ekintzekin gelditzen da», azaldu du.
Nafarroako Gobernuak Israelekin lotura duten enpresekin dituen kontratuak gainbegiratzea erabaki du. Lehenbailehen egin dezala eta Israelekin lokarri guztiak puskatu ditzala eskatu dio Sorianok. CAF enpresarekin eta honek erosi duen Orbitalekin ere hautsi dezala exijitu dio. Gobernu espainiarrari, berriz, zigorrak aplika ditzala, bere betebeharra baita, eta Teva enpresa farmazeutikoarekin harremana hautsi dezala.
Emakumeen Europako Sofbol txapelketan Israelen partaidetza eragotzita, Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko eta Burlatako udalek genozidioaren aurkako borrokan eredugarri jokatu dutela ere baloratu du.
Antolatzaileen izenean, baieztatu du gobernuen diskurtso aldaketak jendearen presio erraldoiaren ondorio direla. «Humanitate kontua da, eta sinestezina da Europako gobernuek orain arte pausorik eman ez izana. 60.000 pertsona baino gehiago erahil dituzte haiek diskurtsoa aldatzen hasterako», salatu du.
Yala, txupinazioa botatzeko hautagai
Sanferminetako txupinazioa botatzeko bost hautagaietako bat da Yala. Herritarrek erabakiko dute, baina hautagaien artean egotea bada «Nafarroako jendartearen suminduraren isla».
Aitortu duenez, beraientzat harrotasun motibo bat litzateke nazioarteko bakearen eta justiziaren aldeko itxaropen suziri bat jaurtitzea, bi herrien arteko elkartasunaren sinbolo.

Fermin Muguruzak sua piztu du Erromako gau beroan

«Etxe huts asko egonda, gazteentzat ez badago, zerbait txarto egiten ari gara»

Bi haur dituen familia bat etxegabetu dute Bilbon, komitiba judiziala joan ez den arren

BSH confirma que el cierre de la planta de Ezkirotz comenzará el 17 de junio
