Ainhoa Arostegi
Galdakao
Elkarrizketa
Oihane Arana
Eguzkibegi ikastolako lehendakaria

«Ibilaldia ikastolen filosofiaren eta konpromisoaren argazki bizia da»

Oihane Arana ez da soilik Eguzkibegi Ikastolako lehendakaria; ikasle ohia ere bada, eta bere semea ikastolan dabil gaur egun. Aurten, Ibilaldiaren antolatzaile gisa, barrutik bizi izan duen ibilbide horren nondik norakoak azaldu dizkigu.

Oihane Arana.
Oihane Arana. (Mikel MARTÍNEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Zer nabarmenduko zenuke Ibilaldi honetatik?

Dudarik gabe, zerbait aipatzekotan, komunitatearen lana goraipatuko nuke. Hezkuntza komunitate osoa buru-belarri aritu da Ibilaldia antolatzen, gogotsu, nekaezin, zailtasunen aurrean kikildu barik. Argi eta garbi izan dugu lehen momentutik euskarak eta kulturak izan behar zutela edizio honen ardatza, eta jarduera ugari antolatu ditugu haien inguruan. Baina, programa hutsetik harago, benetan hunkitu nauena hainbeste jendearen inplikazioa izan da, elkarlanean, eskuzabaltasunez.

800 boluntario baino gehiago bildu ditugu, eta hori ez da edonolakoa. Pertsona hauek guztiek badute beren bizitza, beren lana, beren familia, beren zaletasunak... eta, hala ere, haien denbora eta haien ilusioa eskaini dute, musu truk, Ibilaldiaren alde. Hori da, hain zuzen ere, festa handi honek duen gauzarik onena.

Nolakoa izan da antolaketa prozesua?

Prozesu luzea izan da, polita, intentsua bezain aberasgarria. Iazko Ibilaldia amaitu zenean, ilusioz beteta ekin genion aurtengo erronkari. Baina erantzukizun handiz jardun dugu, tentuz, eskuen artean generabilenaren garrantziaz ohartuta.

Batzorde batzuk antolatu genituen lana banatzeko: komunikazioa, kultura, denda eta arropa, pertsonala, azpiegiturak... Talde bakoitza modu autonomoan aritu da, baina elkarren artean estu koordinaturik, jakina, eta horrek izugarri erraztu digu dena.

Honelako ekitaldi erraldoi bat abiatzea makina handi bat martxan jartzeko prozesuarekin alderatzen dut: hasieran kostatu egiten da, pieza guztiak uztartu eta koipeztatu behar dira, den-dena findu… baina gero, dena behar bezala ibiltzen hasten denean, ikusgarria da benetan. Etengabeko lanaz eta konpromisoaz aritu gara, serio, eta hori begien bistan agertzen da gero.

Eguzkibegi ikastolak bigarren aldiz antolatu du Ibilaldia. Nola bizi izan duzue oraingoan?

Gogotsu. Komunitateko pertsona askok, neuk, besteak beste, 2009ko erronka hura barrutik ezagutu genuen. Orduan 24 urte nituen eta txosnan lan egin nuen. Atseginez gogoratzen dut esperientzia hura. Orain, 16 urte pasa eta gero, gauzak nola aldatu diren ikusteak... eta, aldi berean, zenbait gauzek bere horretan iraun dutela egiaztatzeak… ez dakit… horrek zeharo hunkitzen nau.

Oraingoan, ikuspegi helduago batez aurre egin diegu hau bezalako jardunaldi batek esijitzen dituen erronkei, baina orduko ilusio bera daukagu, eta norberak bere bihotzeko puska txiki bat jarri izan du Ibilaldia primeran irten dadila. Orain guraso, irakasle, eta abar gara, eta emozio hori transmititu nahi diegu gure seme-alabei. Guk orduan bizitakoa bizi dezatela haiek ere, harrotasun kolektibo hori sentitu dezatela.

Denbora igaro da. Zein dira 2009ko eta 2025eko ibilaldien arteko ezberdintasun nagusiak?

Gauza asko aldatu dira geroztik. 2009ko formatua oso ezberdina zen: ibilbideak gune gehiago zituen, dimentsio handiagoa zeukan eta, ziur aski, modu jendetsuagoan bizi izan zen. Orain, aldiz, Ibilaldia zertxobait kudeagarriagoa egin da, baina horrek ez du garrantzi gutxiago duenik esan nahi.

Aldaketa hauek guztiek gizarteak nozitu duen eraldaketa sakonaren ondorio eta isla direla esango nuke. Egun gizarte indibidualistago batean bizi gara, eta jendeari lehen baino gehiago kostatzen zaio bere burua konprometitzea, elkarren artean konpartitutako proiektu baten parte sentitzea.

Eta, hala ere, zailtasunak zailtasun, hemen gaude, 800 pertsona boluntario gisa elkarlanean. Zeren eta konpromisoa hor dago, lekukoa hartu nahi duenaren zain. Eta honelako jaiak beharrezkoak dira jendeari talde lana posible eta baliotsua dela gogorarazteko.

Etorkizunera begira, zein erronkei aurre egin behar diete ikastolek?

Erronka asko daude, eta konplexuak, eta haietaz argi hitz egin behar da. Aurrenekoa, jakina, jaiotza tasaren jaitsiera da: gero eta haur gutxiago munduratzen dira, eta horrek zuzeneko eragina dauka matrikulazio kopuruetan. Kezkagarria da oso.

Bestalde, berez positiboa izan arren, ikastetxe publikoek aukera gero eta gehiago eskaintzen dituzte euskaraz. Horrek aukera anitzak jartzen ditu gurasoen eskuetan seme-alabak eskolatzeko orduan. Beraz, ikastolek gure balio bereizgarria erakusten jarraitu behar dugu, ezberdin egiten gaituen hori nabarmendu eta bultzatu.

Geure arimari eutsi behar diogu. Ezin dugu hainbeste hamarkadetako lana pikutara bota. Ikastolak konpromisotik sortu ziren, berezko kudeaketatik, herri ekimenetik. Filosofia horrek bizirik dirau oraindik, eta hala mantendu nahi dugu, ez gaude bertan behera uzteko prest. Ibilaldia jai bat baino askoz gehiago da: eredu horren irudikapen sinboliko eta erreala, hezkuntza, hizkuntza, kultura eta komunitatea ulertzeko modu baten adierazle.

Zein berrikuntza izango dira aurtengo Ibilaldian?

Aurten zerbait berezia eskaini nahi izan diegu Galdakaora hurbilduko diren guztiei: Ibilaldiak egun eta erdiko iraupena izango du. Bezperan, larunbat arratsaldean, festa handi bat antolatuko dugu Kurtzeko plazan, giroa berotzeko. 17.30etik 22.00etara, kontzertuak izango dira, tailerrak, jakiak, edaria...

Gainera, jarduera berezi bat izango dugu: Athletic Clubeko Genuine taldearen parte hartzea. Futbol inklusiboaren txapelketa bat burutuko da, eta horretan parte hartu nahi duen edonork izena eman dezake. Ilusio handia egiten digu halako zerbait eskaini ahal izateak, kirola, balioak eta irisgarritasuna lotzen dituena.

Elkarrizketa honetan, komunitate, herri edota lotura bezalako hitzak aipatu dituzu. Zergatik da hain garrantzitsua ikastolaren eta ingurunearen arteko lotura hori?

Gure ikastola ingurune naturalean dago, mendiz inguratutako leku zoragarri batean. Gure seme-alabak honelako leku batean haztea zoragarria da, baina horrek ere baditu bere zailtasunak: erdigunetik zertxobait aldenduta gaude eta, batzuetan, distantzia horrek nolabaiteko deskonexioa ekar dezake.

Ahalegin berezia egin dugu ikastola herrira hurbiltzeko. Eta, zeregin horretan, euskara da gure laguntzailerik onena. Euskara ez da hizkuntza hutsa: zubi bat da, lotura bat, taupada bat... Haren bidez, festa honetan parte hartzeko deia luzatu nahi diogu herri osoari, proiektuaren parte senti dadila, ikastola herritik isolatutako zerbait ez dela uler dezaten, guztiona den zerbait baizik.

Ikastola izatea askoz gehiago da ikastetxe izatea baino: mundua ulertzeko modu baten parte izatea da; hizkuntzan, kulturan, berdintasunean eta lankidetzan oinarritutako ikasteko eta bizitzeko manera bitxi bat, alegia. Guztion artean sustatu beharreko zerbait.

Amaitzeko, Ibilaldia esaldi bakarrean definitu beharko bazenu, zer esango zenuke?

Ibilaldia gure konpromisoaren argazki bizia dela esango nuke. Geure buruei begiratzeko topagune bat. Elkar ezagutzeko parada ematen diguna. Nor garen, nondik gatozen, eta nora joan nahi dugun gogoratzeko aukera ezin hobea.

OSZAR »
OSZAR »