Ainhoa Arostegi
Galdakao

Euskaraz eta euskaratik sortutako hezkuntza-proiektua ezagutarazteko eguna

Galdakaoko Eguzkibegi Ikastolak hartu du bere gain 2025ko Ibilaldia antolatzeko ardura. 47. edizioa da eta ekimen honen espirituari eutsi dio: euskaraz eta euskaratik sortutako hezkuntza-proiektua ezagutaraztea, ikastolen lana nabarmentzea eta ikastola sarea sostengatzeko baliabideak biltzea.

Bigarren aldia da Ibilaldia Galdakaon ospatzen dela. Irudian, 2009ko edizioa.
Bigarren aldia da Ibilaldia Galdakaon ospatzen dela. Irudian, 2009ko edizioa. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Lehen Ibilaldia 1978an ospatu zen Uribe-Kostan eta, geroztik, Bizkaiko ikastolen festa urtero-urtero egiten den ekitaldi garrantzitsu bilakatu da, milaka lagun biltzen dituena. Galdakaoko Eguzkibegik 2009an antolatu zuen ere, eta aurten, 16 urte geroago, Ikastola berari egokitu zaio jaia berriz abiatzeko erronka.

Baina Ibilaldia ez da egun bateko festa soila, urte osoko konpromisoa, elkarlana eta komunitatearen parte-hartzea eskatzen duen proiektua baizik. Hori dela eta, gogotsu aritu dira ikasturte osoan zehar ikastolako kideak, gurasoak, ikasleak, irakasleak eta herriko eragile ezberdinak. Helburu amankomuna zeukaten: jaialdi parte-hartzaile, euskaldun, berritzaile eta guztientzako eskuragarria prestatzea.

Hezkuntza eta komunitatea

2025eko Ibilaldiak hainbat helburu estrategiko ditu, zuzenekoak zein zeharkakoak; euskal kulturan oinarritutako hezkuntza-eskaintza sendotzea, edota ikasleen ongizate emozionala ituan jartzea, besteak beste. Aldi berean, hezkuntza eraldatzailea eta berriztatzailea bultzatu nahi dute, komunitate osoaren parte-hartzearekin.

Ikastolaren irudia eta eginkizuna indartzea beste xede garrantzitsua da, bai herri mailan, bai inguruko eragileekiko harremanak sendotuta. Helburu estrategiko horien artean, proiektu kooperatiboa bultzatzea eta ikastolako espazioen eraldaketa finantzatzeko baliabideak eskuratzea daude ere, ikasleen sormena eta ekintzailetza konpromiso aktiboaren bidez sustatzeaz ahaztu gabe.

Ibilaldiaren antolaketan zehar landutako balio hauek dimentsio soziala, kulturala eta ekologikoa daukate. Lehenik eta behin, euskara ardatz duen hizkuntza-politika sustatu aldera, euskararen erabilera eta transmisioa bultzatuko duten jarduerak izango dira protagonista.

Parekidetasuna eta hezkidetza ikusgai ipini gura dituzte antolatzaileek: genero-rol tradizionalak gaindituta, berdintasunaren aldeko eredua zabaldu nahi dute. Jasangarritasuna ere kontuan hartuko da, garraio publikoaren erabilera lehenetsiz eta naturan integratutako ekintzak garatuz.

Inklusioa funtsezko helburutzat jo dute arduradunek. Aurtengo Ibilaldia guztiontzat izango da, beraz, behar bereziak dituzten pertsonentzat egokituko dituzte ibilbidea zein ekitaldiak, denek jaiaz murrizkerarik gabe goza dezaten. Beste balio sozialak ere sustatu nahi dituzte: bizikidetza, herritartasun aktiboa, begirunea, kalitatezko hezkuntza, zerbitzu publikoaren aldeko jarrera...

Leloa eta kantua

Aurtengo leloa ‘Magaletik herrire, euskera erdire’ dugu. Lelo horrek hainbat ideia uztartzen ditu: magalak ikastolako familia-giroari eta kokapen geografikoari egiten die aipamen; herrira doan bidean, berriz, ikastolak komunitatearekin daukan lotura eta euskararen garrantzia azpimarratzen dira.

Logoaren diseinua ere mezu horren isla da. Diseinu modernoa da, alaia eta polita, erreproduzitzeko erraza eta formatu anitzetan erabilgarria. Bertan, Galdakaoko mendiak ageri dira, eta magalaren “M” hizkia irudikatu dute eguzki-errainuen bidez, hizkuntzaren norabidea eta mugimendua adieraziz.

Ibilaldiaren kantu ofiziala, ‘Magaletik Herrire’, Oxabi taldeak sortu du. Abestiaren hitzak, ordea, Gotzon Barandiaranek eta Eguzkibegi ikastolako ikasle talde batek idatzi dituzte, elkarlanean. Letra hunkigarria da, belaunaldien arteko lotura, euskararen transmisioa eta ikasleen bizipenak azpimarratzen dituena.

Musikalki, egitura dinamikoa eta atsegina dauka, publiko zabalarentzat egokia eta festa-giroa pizteko aproposa. Hitzetan azaltzen denez, irakasle eta ikasleen arteko belaunaldi-lotura, laguntasunaren garrantzia, eta euskararen aldeko auzolana dira abestiaren zertzelada batzuk.

Bideoklipa ere Oxabi taldearen eskutik etorri zaigu, Gaua ekoiztetxearen laguntzaz. Iker Villak zuzendu du, eta Galdakaoko hainbat paraje, zenbait herritar, eta ikastolako giroa agertzen dira. Koreografia, berriz, Taupadak Dantza Eskolak landu du, eta muntaia eta efektuak baliabide profesionalak erabiliz burutu dira.

Etorkizunari begira

Ibilaldia 2025, inolako zalantzarik gabe, egun bateko festa baino zerbait gehiago dugu: komunitate oso baten lana eta konpromisoa erakusten duen proiektu kolektibo bat da. Galdakaok eta Eguzkibegi Ikastolak aukera paregabea daukate euskarazko hezkuntza eta euskal kultura zabaltzeko, jai-giroan, herritarren parte-hartzearekin, eta balio sendoetan oinarrituta.

‘Magaletik herrire, euskera erdire’ lelopean burutuko den Ibilaldia 2025 hau, ospakizun jendetsua izateaz gain, etorkizunari begira egindako aldarrikapen bat da, eraikuntza prozesu baten barnean dagoena. Maiatzaren 25ean Galdakaon egingo den festa handi hau guztiona da, guztion artean eraikia, guztiontzat sortua. Euskararen aldeko auzolana eta ikastolen egitasmoaren indarra inoiz baino biziago daudela erakutsiko duen egun paregabe bat.

Baina Ibilaldia ez da gurean egiten den mota honetako ekitaldi bakarra. Euskal Herrian zehar oso sustraituta dagoen egitasmo handiago baten parte bat baizik. Herri Urrats, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinezekin batera, gure hizkuntzaren eta gure hezkuntza ereduaren aldeko konpromisoa islatzen du. Lehen esan dugun bezala, festa hauek ez dira egun bateko ospakizun hutsak, komunitate oso baten lanaren eta ilusioaren emaitza bat baino. Horregatik dira hain beharrezko: gure hizkuntzaren etorkizuna elkarrekin eraikitzen jarraitzeko topagune eta bultzada ditugulako.

 

58 urteko konpromisoa: Hezkuntza, familia eta komunitatea

Eguzkibegi ikastola 1966. urtean sortu zen, Galdakaon, herriko guraso talde batek euskarazko eta euskal kulturan oinarritutako heziketa seme-alabei eskaintzeko nahia agertu zuenean. 1967an Zabalea txaletean abiatu zuten haien bide oparoa, 35 haur eta bi andereño baino ez zituztela.

Hasiera ez zen batere erraza izan: administrazioak jarritako oztopo guztiak gainditu behar izan zituzten eta egoera ekonomikoa nahiko kaxkarra zen. 1.000 pezetako matrikula eta hilabetero 250 pezeta ordaintzeaz gainera, ikastolaren bideragarritasuna etengabeko ahaleginaren emaitza zuzena izan zen. Hala ere, hasiera-hasieratik izan zuten herriaren eta familien babesa, eta horrek biziki harrotzen ditu.

Urteak pasa ahala, ikasle-kopurua handituz joan zen eta, 1972an kooperatiba eratzeko erabakia hartu zuten. Familia bakoitzak 40.000 pezetako ekarpena egin zuen. 1976an egungo eraikina hasi ziren jasotzen eta, 1978an, lanak amaitu eta inaugurazioa egin zuten

1973. urtean ikastolak Eguzkibegi izena hartu zuen ofizialki. Gaur, horrenbeste urteren buruan, kooperatiba gisa jarraitzen du, orduko konpromisoari irmo eutsirik: hezkuntza, familia eta komunitatea.

Eguzkibegi erreferente bilakatu da, Galdakaon, azken 58 urteotan. Ikastolaren ildo pedagogikoa eurek sortutako materialetan oinarritzen da, hezketa berritzailea landuz. Ingurune paregabean kokaturik dago: naturaren erdian, Belaustegiko hariztia, zenbait erreka eta hamaika xendra inguruan dituela. Ikasleek naturarekiko lotura estua garatzen dute, maitekiro, ingurunea erespetatuz eta bizikidetza osasuntsua sustatuz.

OSZAR »
OSZAR »