NAIZ

Pasaiako Portuak demanda jarri zien Escalerillaseko bost familiak ekainean izango dute epaiketa

Pasaiako Portuak jarritako demanda judizialak tarteko, epaiketa izango dute ekainean Escalerillasen bizi diren familietako bostek. Etxebizitzaren Sindikatu Sozialistak epaiketa bertan behera uzteko eskatu du, eta etxegabetzeei aurre egiteko asmoa agertu du.

Martxoan etxegabetze aginduaren berri emateko Escalerillaseko bizilagunek egindako agerraldia.
Martxoan etxegabetze aginduaren berri emateko Escalerillaseko bizilagunek egindako agerraldia. (Jon URBE | FOKU)

Pasaiako Portuak demanda jarri zien Escalerillaseko blokean bizi diren bederatzi familiari, etxeak hustu ditzaten, eta horietako bostek ekainaren 30ean izango dute epaiketa, Etxebizitzaren Sindikatu Sozialistak ohar baten bidez jakitera eman duenez. Portuari epaiketa bertan behera utzi eta negoziazio mahaia irekitzeko galdegin diote, baita etxegabetzeei aurre egingo dietela iragarri ere.

Aspalditik datorren afera da Escalerillaseko blokeko bizilagunen eta Pasaiako Portuaren arteko gatazka eta mobilizazioak egin izan dituzte egoera salatze aldera. Izan ere, Euskotren eta Pasaiako portua lotzeko egin behar dituzten lanak direla eta 12 familia etxegabetze arriskuan daude joan den urteko urtarriletik.

Donostiako Herrera eta Buenavista auzoen artean dago Escalerillas izenaz ezaguna den gunea, berez, Pasaia udalerrian dagoena. Portuko Agintaritzarena da hustu nahi duten eraikina dagoen lurra eta bere garaian portuko langileei eta haien familiei alokatzeko egin zituzten etxebizitzak. Langile horietako batzuk hilda daude dagoeneko, baina haien ondorengoek etxeotan bizitzen jarraitu dute.

Orain, Euskotrenen erreiak portura arte eramateko erabili nahi dute lursaila, merkantziak kargatzea eta deskargatzea errazteko; bizilagunen aburuz, «portuko enpresarien mesederako». Bertan bizi diren familiek, ordea, bizitoki alternatiba bat eskaintzen ez zaien artean bertatik alde egiteari uko egin diote.

OSZAR »
OSZAR »