Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Gasteizko lorezainak greban: «Enpresak Udalak baino botere handiagoa al du gatazka honetan?»

Datorren astelehenean bi hilabete beteko ditu Enviserreko langileek hasi zuten greba mugagabeak. Ostiral honetan Gasteizko lorategiak kudeatzen dituen kontrataren jarrera kritikatu eta galdera bat egin dute: «Enpresak Udalak bano botere handiagoa al du gatazka honetan?».

Duela 58 egun hasi zen lorezainen greba, eta eraginak nabariak dira.
Duela 58 egun hasi zen lorezainen greba, eta eraginak nabariak dira. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Martxoaren 26an Enviserreko enpresa batzordeak greba mugagabea hasi zuen Gasteizko lorategiak zaintzen dituzten langileen eskubideak aldarrikatzeko. Astelehenean bi hilabete beteko dira greba hasi zenetik eta kalera aterako dira, arratsaldeko 18.30ean, «bizi eta lan baldintzak bermatuko dituen hitzarmen kolektibo propio bat» exijitzeko.

«Herritarren eta plantillaren mobilizazioek soilik lortuko dute egungo egoeraren arduradunei, Enviserri eta Udalari, presioa egitea gatazkari irtenbidea eman diezaioten», adierazi dute langileek Mendizorrotzako igerilekuen sarreran egindako elkarretaratzean.

Azaldu dutenez, zuzendaritza hiru aldiz bildu da ELA, ESK eta LAB sindikatuek osatutako enpresa batzordearekin; akordioa lortzeko oztopo nagusia soldaten arloan dagoela ohartarazi dute. Izan ere, langile gehienen soldatek ez dute LGSa gainditzen.

Lehenengo bileran enpresak hilean 25 euroko igoera proposatu zuen, bigarrenean 300 euro gordin eskaini zituen urtero, eta azken bileran, joan den ostiralean, hilean 43 euro gordineko igoera mahaigaineratu zuen. «Eskaintza barregarria egin zuen akordio batera iristeko».

Gasteizko Udalak, bestetik, 42 egun behar izan ditu greba batzordeari harrera egiteko, langileek Udalbatzan eskaera egin ondoren. «Bi bilera egin dira 58 greba egunetan eta arduradun politikoek ezer gutxi egin dezakete haiek sustatutako pribatizazio eta azpikontratazio politikek eragin duten arazoaren aurrean».

«Ez al dira gai beren politikek sortzen dituzten arazoei irtenbideak bilatzeko? Enpresak Udalak baino botere handiagoa al du gatazka honetan?», galdetu dute Udalak orain arte egindako gestio guztiek ez dutela «inolako emaitzarik eman» salatuz.

Amaitu aurretik, gogoratu dute ostiral honetan hasiko dela Gasteizko Loreen Jaialdia, eta EAEko hiriburutzaren urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi ere antolatu direla, horien artean Ajuria Enea Jauregiko lorategien irekitzea.

«Lehendakariaren lorategiak erakusten dituzte, hiriko parke eta lorategiek benetako lotsa ematen dutelako», gaineratu dute, eta EAJ eta PSEren «utzikeria» azpimarratu.

Alkateak «malgutasuna» eskatu du

Maider Etxebarria Gasteizko alkatearen esanetan, Udalak «bitartekari lana» egin dezake, «baina ez dauka eskumenik gatazka honetan sartzeko».

Dena dena, aitortu du kontratua desegitearen aukera mahai gainean dagola. «Azken aukera izango litzateke. Espero dut gatazka hau lehenago konpontzea. Askoz hobea da akordio batera iristea, eta negoziazioetan, akordio batera iristeko, malgutasuna beharrezkoa da». «Espero dut bi aldeak malguak izatea guztion onerako, lehenbailehen akordio bat lortzeko», esan du.

OSZAR »
OSZAR »