
Bermeok Arrain Azokaren XXXI. edizioa ospatuko du igandera bitartean. Urtez urte sekulako arrakasta duen azoka hau itsas ondare kulturalaren, enpresa munduaren eta bertako gastronomiaren erakusleiho bihurtzen da.
18 postu bisitatu ahal izango dira, non enpresek eta erakundeek euren produktuak erakutsiko dituzten, eta dastatzeko aukera emango duten. Horiek erosteko aukera egoteaz gain, arrantzaren mundua gertutik ezagutu ahal izango dute bisitariek ostiral eta larunbatean 11.00etatik 20.00etara, eta igandean 11.00etatik 15.00etara. Erositakoa eroso etxera eraman ahal izateko, poltsa berrerabilgarriak erabiltzera animatu nahi ditu Udalak bertaratutakoak.
Egitarauko berrikuntzarik nabarmenena profesionalen Pintxo Lehiaketa da. Ostiralean jokatuko da finala, hiru tabernarik onenekin, lagun arteko lehiaketaren finalarekin batera, non lehia bi talderen artean egongo den.
Larunbatean, ohikoak izaten ziren habanerak ez dira izango, eta horien ordez euskal kanta tradizionalak eskainiko dira Josepa Kale Kale taldearen eskutik, eta Ross Dantza Eskolaren koreografiez lagundurik.
Bestalde, Bermeo Tuna World Capitalek bere espazioa izango du Arrain Azokaren baitan, eta haur zein helduei zuzendutako dastaketa eta tailerrak prestatuko ditu (5-10 euro), atunaren espeziearen kideak diren arrainak desberdintzen ikasteko. Parte hartu ahal izateko beharrezkoa da Turismo Bulegoan izena ematea.
Haur egitaraua osatuz, Galerna belauntzian irteerak eta Itxas-Etxea kofradiaren 'Izan arrantzale' tailerra izango dira. Gainera, urtero legez, arrain salmenta simulazioa egongo da eta Hegaluze (9-14 euro) eta Taho (4-7 euro) untzietan irteerak prestatuko dira. Arrantzalearen Museoko sarrera doakoa izango da.
Ezin dugu ahaztu asteburuko egitaraua oso zabala dela eta dantza, danborrada, musika, erraldoiak, estropadak edo zesta partida bezalako ekitaldiak antolatu dituztela.
Hitzorduz betetako asteburua
Maiatzaren 16tik 18ra ospatuko denez, aurtengoan beste hitzordu garrantzitsu batzuekin bat egiten du Arrain Azokak, eta ospakizunak bateratzea erabaki dute. Hala, Euskaraldia martxan dagoenez, honen helburuak babestuko dituzte. Arrain Azokaren kartelean keinu bat egin diote desagertzeko zorian dauden hitzen ahultasuna irudikatuz. Gainera, egitarauko ekintza gehienak euskaraz eskainiko dira.
Era berean, maiatzaren 17an LGTBIQ+fobiaren Aurkako Eguna ospatzen da, baita hurrengo egunean Itsas Sektoreko Emakumeen Nazioarteko Eguna ere, eta bi egun horiekin bat egingo du azokak. Izan ere, itsasoarekin lotutako emakumeentzat izango da aurtengo Hegaluze Saria, igandean bertan emango zaiena, euren lana aitortzeko asmoz.
Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyren hitzetan, «emakume horiek gure komunitateen eta itsasoaren arteko harremana zaindu eta eraldatu duten kate isil eta beharrezko baten parte dira».
Bestalde, gune solidario bat jarriko dute Lamerako karpan. Bertan marmitakoa eta hegaluze errea eskainiko dituzte. Jasotako dirua Osakidetzak kubritzen ez dituen 6-12 urte bitarteko haurren tratamenduak ordaintzen laguntzeko erabiliko da.
Erakunde laguntzailea: BERMEOKO UDALA

Fermin Muguruzak sua piztu du Erromako gau beroan

«Etxe huts asko egonda, gazteentzat ez badago, zerbait txarto egiten ari gara»

Bi haur dituen familia bat etxegabetu dute Bilbon, komitiba judiziala joan ez den arren

«NAIZek euskal kulturgileak ukatu»?, NAIZen erantzuna
