«Gogotsu eta harrotasun puntu batekin zelairatu behar dugu Real Madrilen aurka»
Kopako hirugarren finalera hurbiltzeko oztopo handia gainditu beharko du Realak. Azken hiru asteetan bi aldiz aurrean izan duen Real Madrid bisitatuko du ostegun honetan (21.00), final laurdenak jokatzeko. Aurrekoetan ikasitakoak laguntzea espero du Amaiur Sarriegik.

Hirugarren aldiz hiru astetan, Realak Real Madrilen kontra jokatuko du. Aurreko biak galdu ondoren, hirugarrenean asmatzea espero dute donostiarrek, garaipena beti delako helburua, eta zehazki kasu honetan, Kopan aurrera egiteko bide bakarra delako, behintzat penaltien emozioa saihestu nahi badute. Aurkari indartsuari bakarrik ez eta, egutegi gogorrak sor dezaken nekeari eta azken bi porrotek eragindako atsekabeari ere aurre egin beharko diote. Amaiur Sarriegik oztopo guztiak gainditzeko prest daudela uste du.
Nola daude gorputzak, fisikoki eta sentsazio aldetik?
Azken aldian minutuak metatzen ari gara, baina ondo gaude. Eta sentsazioen aldetik, pena pixka batekin, uste dudalako Deportivoren aurkako partidan zerbait gehiago lortzea merezi izan genuela.
Deportivoren kontra taldea ondo aritu zen, baina «irabazi beharreko» partida galdu zuen; eta Real Madriden kontrakoan, galtzea askoz ulergarriagoa zela, txarrena lehen zatiko sentsazio eskasak izan ziren. Konplikatua da futbola.
Bai, Real Madriden aurkako partidan beldur puntu batekin edo irten ginen zelaira, eta horrelako jokalariak dituen talde baten aurka gogor ordaintzen da. Gero bai Real Madriden kontrako bigarren zatian eta bai larunbatean, joko aldetik ondo egon ginen, aukera asko sortu genituen... Azkenean, futbola horrelakoa da. Amorrua ematen du batzuetan, baina uste dut joko horri eta sentsazio horiei heldu behar diegula aurrera jarraitzeko.
Konplikatua da futbola, eta kapritxosoa. Hiru astetan hirugarren aldiz jokatuko duzue Real Madriden kontra eta hirugarren konpetizio batean.
Horrela etorri zaigu. Gure hazkundeari begira ondo egon daiteke horrelako mailako partidak jarraian jokatzea, gu ere exijentzia handitzen joaten saiatzeko.
Zer ikasi duzue aurreko partida bietan, gaur Valdebebasen lagun diezazuekeena?
Superkopan hoberen egin genuen gauzetariko bat ausartzea izan zen, beldurrik gabe zelairatzea, gure nortasunarekin... Ligan, ordea, ez ginen zelaira ondo irten. Beldur puntu bat sumatzen zen, ez ginen ausartak izan eta ordaindu egin genuen. Jokalari oso onak direla eta berez beraiek direla irabazi beharko luketenak jakinda, gure partida egiten saiatu behar dugu. Hasieratik ausartak izan, gogotsu eta harrotasun puntu horrekin zelairatu. Gureari eutsi eta beraiek dituzten puntu ahulei, gutxi badira ere, erasotzen saiatu.
«Denbora gutxi daukagu bien artean, baina zentratuta joango gara Kopako partidara. Eta emaitza dena delakoa izanda, berdin ekingo diogu derbiari, berdin saiatuko gara partida on bat egiten»
Igandean partida garrantzitsua duzue San Mamesen. Posible da Madrilen jokatzea Bilbon pentsatu barik? Eta gaur gertatzen denak eragina izan dezake Athleticen kontra?
Partida biak bereizteko gaitasuna daukagula uste dut. Denbora gutxi daukagu bien artean, baina zentratuta joango gara Kopako partidara. Eta emaitza dena delakoa izanda, igandean berdin ekingo diogu derbiari, berdin saiatuko gara partida on bat egiten.
Ez dago zertan aukeratu, baina zure taldekide gehienek diote ilusio handiagoa dutela Txapeldunen Ligan sartzeko, Koparako baino.
Biek egiten didate sekulako ilusioa. Championsa oso berezia da, eta orain dela bi urte bizi genuena berriro bizitzeko aukera izatea... Baina baita ere imajinatzea Realarekin Kopa altxatzen... Niregatik biak!
Ez dakit bi borroka horietan gertatzen denak eragina izan dezakeen zure etorkizunean, baina kontratua amaituko duzu ekainean. Klubarekin hitz egiten ari zara dagoeneko?
Konbertsazio normalak egoten dira jokalari batek kontratua amaitzen duenean. Ez gehiago. Ni lasai nago, oso zentratuta. Orain partida asko izaten ari gara, eta uste dut horretan zentratuta egon behar dudala. Gainerakoa etorriko da etorri behar duenean.
Kanpoko deiak ez dituzu falta izango.
Seinale ona da beste klubek interesa erakustea. Baina lasai nago, ez dut asko pentsatzen horretan oraindik. Realean zentratuta nago.

Pompelo, la Iruñea romana fundada hace 2.100 años que fue escenario de un sueño de Lovecraft

Petición de hasta 3 años de cárcel para la mujer que trató de impedir el maltrato a un mantero

Fallece un montañero navarro y dos vizcainos gravemente heridos en el Pirineo

El TSJPV da la razón al Ayuntamiento de Bergara frente al proyecto de Valogreene
