
Iñaki Artola Buruz Buruko Txapelketaren finalerdietan da. Alegiarrak 22-14 menderatu du Astelena pilotalekuan Peio Etxeberria eta Iker Larrazabalen aurka neurtuko ditu indarrak datorren igandean Gasteizko Ogeta pilotalekuan.
Gipuzkoarra irten da faborito moduan. Azkenaldian joko puntu onean dago eta Buruz Burukoan espezialista handia da. Peio Etxeberria, aldiz, inspirazioa apur bat galduta dabil eta distantzia laburrean hobeto moldatzen da kantxa osoan baino. Nafarra jokoa nolabait nahastera behartuta zegoen, beraz.
Baina ez du lortu. Zenoztarra 1-3 aurreratu da txokoan utzitako pilota bati esker, baina tantoak apur bat gogortu diren bakoitzean antzematen zen Artola askoz gehiago zela. Oso serio jokatuz, zazpi tantoko partziala lortu du eta 8-3 jarri da aurretik. Bereziki aipagarria da takada horri hasiera eman dion tantoa, 2-3koa, 28 pilotakada jo dituztelako eta Artolak pilota bikain moztuta amaitu duelako.
Hortik aurrera, Etxeberriak beti markagailua kontra izan du eta tentsioak gain hartu dio. Asko kostata izan arren, tarteka berreskuratu du sakea, baina oso trakets aritu da neurketa aldatzeko aukerak izan dituenean. Sake txarrak, erabaki okerrak, pilotakada aldrebesak... Saiatu bai, esfortzu ikaragarria egin du gaur ere, baina ez da batere zuzen aritu une erabakigarrietan.
Artolak, aldiz, ez du inoiz burua galdu. Oso adi ibili da atsedenak eskatzerako garaian, estuasun iturri bilaka litezkeen uneetan aurkariaren erritmoa apurtuz, eta eskubiarekin diferentzia markatu du, pilota asko luzatuz eta gehienetan ongi gurutzatuz. Hil ala bizi jokatuz Etxeberrriak 14 tanto egitea lortu du, baina jokoan kasik emaitzak erakusten duena baina alde handiagoa egon da.
«Oso pozik nago. Hil ala biziko partida zen eta nire maila ematea lortu dut. Hasieratik alde polita hartu dut, baina banekien Buruz Burukoa engainosoa dela alde horretatik, sei edo zazpi tantoko aldea ez da horrenbestekoa. Astean zehar hori lantzen saiatu naiz, eta lortu dut burua galdu gabe jokoan sartuta jarraitzea», adierazi du Iñaki Artolak.
Peio Etxeberria, aldiz, «triste» agertu da dema amaieran. «Nik egin behar nuena berak egin du. Aurrera pausoa berak eman du, oso ausart jokatu du, eta ni aldiz ekimena hartu ezinik ibili naiz. Buruz Burukoan batek asko jokatzen duenean besteak ezin izaten du berea erakutsi, eta hala izan da», izan dira bere hitzak.

Ertzaintzak Gasteizko Korda espazioa kolpeka hustu du: atxilotu bat ospitalera eraman dute

Suspenden un campeonato de surf en Donostia ante las protestas por la participación israelí

«El Sagrado Corazón es una imagen de paz, no un símbolo franquista», dice el obispo de Donostia

Ir al Pirineo será más fácil la próxima década: desbloqueado el último tramo de la A-21
