Langileen bizitzak ere garrantzitsuak dira
Astelehenean 50 urteko langile bat hil zen Andosillako enpresa batean, gainera erori zitzaion karga baten ondorioz. Astelehenean bertan 49 urteko beste langile bat zendu zen Atxondoko AHTren obretan, pieza handi batek azpian harrapatuta. Hurrengo egunean, beste langile batek galdu zuen bizia Amurrioko Tubos Reunidos fabrikan, kasu honetan teilatutik erorita. Eta atzo goizean beste langile bat zendu zen Bilboko eraikin bateko teilatutik erorita. Benetan tragikoa izaten ari da aste hau. Dagoeneko lau langile hil dira eta, LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, azken horiekin aurten 24 lagun hil dira jada lanean, eurentzat eta familientzat bizibidea ateratzen ari ziren bitartean. Horrek esan nahi du Euskal Herrian astero heriotza eragin duen lan-istripu bat baino gehiago gertatu dela. Edozein ikuspuntutik begiratuta, kopuru izugarria da.
Azken lau lan-heriotzetatik bi piezak edo kargak erortzearen ondorioz gertatu dira, eta beste bietan, berriz, langileak altueran lanean ari zirela jausi dira. Horrek adierazten du laneko osasun eta segurtasuneko araudia ez dela, oro har, betetzen ari. Eta, ildo horretan, gero eta nabarmenagoa da beharginen heriotza horietako asko ekidin zitezkeela, langileen segurtasunari lehentasuna eman izan balitzaio. Alde horretatik, egoera tragiko honetan bi erantzule argi daude. Alde batetik, patronala dago, enplegatzaile eta lanaren antolatzaile gisa, lan-araudia betetzearen aurrean axolagabekeriaz jokatzen duena. Jarrera hori are larriagoa da azpikontraten kasuan. Eta, bestetik, Administrazioa dago, lanpostuak ikuskatzeko eta ez-betetzeak zigortzeko eginkizuna betetzen ez duelako. Sarri aitzakiatzat jartzen den baliabide faltaren atzean, enpresak ez molestatzeko erabaki politikoa dago. Eta erabaki politiko horrek langileen bizitza galera handia ekartzen du urtero.
Ez dira kasu bakanak, ezta zorte txarraren ondorio ere. Heriotza eragin duten lan-istripuek eredu zehatz bati jarraitzen diote, araudia ez betetzearekin lotuta dagoen ereduari. Premiazkoa da patronalak eta Administrazioak dagozkion erabaki politikoak hartzea, tanta-jario etengabe honi amaiera emateko. Langileen bizitzak ere garrantzitsuak dira.