Demar, ikusi arte!
Oscar de Marcosek agur esan dio Athletici eta futbol profesionalari. Jokalari gisa, gutxienez. ‘Demar’ hain da argia, inork ez dakiela zer egingo duen aurrerantzean. Bere ondareak urrea balio du, ez soilik bere taldearentzat, baita euskal zale guztientzat ere.

Oscar de Marcos Arana (Guardia, Araba, 1989ko apirilaren 14a) jokalari enblematikoa izan da. Ibilbide eredugarria egin du zelai barruan zein kanpoan. Futbolari gisa ezertan bikaina izan gabe, guztiek beren taldean nahi duten jokalari horietakoa izan da. Eta ez soilik bere jarrerarengatik. Futbola ondo ulertzen du eta ondo jokatzen daki.
Alavesen hasi zuen bere ibilbidea De Marcosek, 2008-09 denboraldian lehen taldearekin debuta eginez. Futbolari profesional gisa aritu aurretik, De Marcosek enpresa-ikasketak egin zituen Gasteizen.
2009ko uztailean, Athletic Clubera joan zen, eta bertan, jokalari balioaniztun gisa finkatu zen, batez ere eskuin hegaleko atzelari gisa, nahiz eta zelai erdian ere aritu zen. 16 denboralditan zehar, 573 partida ofizial jokatu ditu, eta klubaren historian agerpen gehien izan dituen bigarren jokalaria izan da, Jose Angel Iribarrek bakarrik gaindituta.
Athleticekin hiru titulu lortu ditu: 2015eko eta 2021eko Espainiako Superkopak eta 2024ko Errege Kopa.
Bielsaren iragarpenak
Marcelo Bielsa izan zen Athleticeko kapitainaren gainean arreta jarri zuena. Pertsona gisa duen kalitatea jokalari ona izateko elementu erabakigarria dela azpimarratu zuen. Athleticeko entrenatzaile ohiak iragarri zuen De Marcosen figura gehiago baloratuko dela jokatzeari uzten dionean. Alegia, gaurtik aurrera. «Bere jokabidearengatik behin betiko aitortza izango duela uste dut, eta are gehiago jokatzeari uzten dionean», baieztatu zuen Bielsak.
Bere kirol lorpenetatik haratago, De Marcos umiltasunagatik, konpromisoagatik eta lidergo isilagatik nabarmendu da. Lezaman egindako agurrean azpimarratu zuenez, «Athletic iceberg baten punta da, eta garrantzitsuena herri baten leialtasuna da». Bere jarrera eredugarria taldekideentzako eta zaleentzako inspirazioa izan da, klubaren eta Euskal Herriaren balioen ikur gisa sendotuz.
Lemazaina, zelaian eta zelaitik kanpo
Zelaitik kanpo, De Marcosek konpromiso sozial sendoa erakutsi du. Inori esan gabe gaixo dauden haurrak bisitatu ditu ospitaleetan, eta Afrikako eta Hego Amerikako proiektu solidarioetan parte hartu du. 2019an, liburu bat argitaratu zuen Athleticen fundazioarekin lankidetzan, bere esperientziak eta gogoeta pertsonalak kontatuz.
Gauza batean bakarrik ez du asmatu Demarrek. Orsai izeneko bandaren kide izan da, musikaren aurkako atentatu gisa uler daitekeen fenomeno bat. Inor ez da perfektua.
De Marcosek agur esan dio futbol profesionalari, San Mamesen eta Bartzelonaren aurka jokatutako partida hunkigarri batean. Bere seme-alabekin batera, bertaratutako ia 50.000 zaleen txalo zaparrada jaso du. Mosaiko zuri-gorria eta tifo bat zabaldu zituzten, bere ibilbidea eskertzeko. San Mames kanpoko argiek ere «Oscar de Marcos, Eskerrik Asko!» zioen mezua irudikatu dute.
Bere ondarea taldearekiko eta zaleekiko fideltasuna izango da. Gainera, jokabide etikoaren eta konpromisoaren sinbolo gisa iraungo du. Athleticentzat, baita Euskal Herriarentzat ere.

Fallece un montañero navarro y dos vizcainos gravemente heridos en el Pirineo

El TSJPV pide «respeto» tras quejarse Aburto de la aplicación de la prisión provisional

Bi langile hil dira ordu gutxitan, AHTren lanetan eta Amurrioko Tubos Reunidos lantegian

El TSJPV da la razón al Ayuntamiento de Bergara frente al proyecto de Valogreene
