
Urtez urte, NAIZ, GARA eta NAIZ Irratia osatzen duen komunitatea sendotzen ari da. Oraingoan, CIESen azken neurketek datu argigarriak utzi dituzte: 2025 honetan, NAIZ osatzen duten hiru ardatz nagusiek —naiz.eus webgunea, GARA eta NAIZ Irratia— hazkunde esanguratsua izan dute euren audientzietan. Ez da datu hutsa: komunitate baten fideltasunaren eta kazetaritza independentearekiko konfiantzaren adierazle da.
%26ko hazkundea informazio digitalaren arloan
CIESen neurketa ikusgarritasunaren eta eragin sozialaren neurketa estandarra da Hego Euskal Herriko komunikazio esparruan, publizitatea banatzeko erakunde publikoek inkesta hau erabiltzen dutelako, besteak beste. Erregistro historikoari begiratzen badiogu, gure hedabideen datuak gutxietsita egon direla baieztatu dezakegu. Edonola ere, oraingo inkestak erakusten du egin diren aldaketa batzuk funtzionatzen ari direla.
Joera orokorrak ikusteko baliagarriak dira datu horiek baina iritzi dugu audientzia ez dela kontsumitzaile masa bat, baizik eta elkarlanean diharduen komunitate aktibo bat.
Zentzu horretan, gure komunitatea gero eta sendoago dagoenaren adierazle dira jasotako datuak. NAIZ atari digitalak %26ko hazkundea izan du jasoaldi honetan, iazko datu metatuekin konparatuta. Gorako joera argigarria da, urtebetean, iazko lehen jasoaldiko datuak alderatuz gero, audientziak %37 egin baitu gora. Hego Euskal Herrian, egunero, batez beste, 75.000 irakurle izatetik, 92.000ra iritsi gara neurketa honen arabera. Hortik gora gaude hainbat adierazleetan, baina joera ukaezina da.
Testuinguru globalean, non informazioaren kontsumoa askotan sakabanatua den eta algoritmoek baldintzatzen duten ikusgarritasuna, datu honek erakusten du NAIZ gai izan dela bere komunitate digitala sendotzeko, eta fideltasunean oinarritutako harreman bat sortzeko irakurleekin. Belaunaldi berriekin ere konektatzen jakin du, gazteen herri mugimendu ezberdinekin lotutako hitzarmenei esker –Gazteon Eskutik, kasu–, bai eta musikako emanaldiak babestearen ondorioz ere –Fermin Muguruza Anoetan, Hatortxu Rock, 40 Minutu Rock, EZK Festibala, EHZ...).
Fideltasunaren beste aldaera bat da irakurleak gai batzuekiko duen afinitatea eta webgunean edo albista jakin batean ematen duen denbora. Bada, Comscore-n neurketen arabera, erabiltzaile batek, batez beste, 9,6 minutu ematen ditu NAIZen –Hego Euskal Herriko hedabideen artean, batez besteko altuenetakoa da–, irakurlearentzat badelako informatzeko eta kontrastatzeko leku seguru bat.
Papereko edizioan ere gorakada itzela
Kazetaritzaren kontsumoaren joera atari digitalerantz doala ukaezina da, errealitate bat da. Hala ere, gure komunitatearen zati handi batentzat ezinbesteko euskarria da GARA ere, paperezko edizioa. 2024ko azken jasoaldiko datuekin alderatuta, %6,4 igo da Hego Euskal Herriko audientzia. Edukien kalitatean eta analisi sakonetan oinarrituta, bat batekotasunari bestelako sakontasuna eskaintzen dituzten eduki zorrotzekin, oraindik ere leku sendoa du gure irakurleen artean.
25. urteurrena ospatu zuen iaz eta, pentsa ze garrantzitsua den komunitate zabal batentzat, harri totemiko bat ere eskaini zaiola GARA egunkariari, Altsasuko San Pedroko zelaietan egindako ‘Egin eguna’ historiko haiek gogora ekarrita antolatutako ekitaldietan, ‘Harri herri. Iraganetik etorkizunera’ lelopean. Horrelako ekimenak indargune dira, era berean, kazetaritza independente eta zorrotzaren bide hau urratzen jarraitzen.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gehien irakurtzen den hirugarren egunkaria da GARA, Vocento taldeko El Correo eta El Diario Vascoren atzetik. Nafarroan ere, historikoki izan den legez, erreferentziazko hedabidea da kazetaritza kritikoa bilatzen duen publikoarentzat.
Euskarazko produktuak, gora
GAUR8 eta Bidaiari bezalako euskara hutsezko euskarri fisikoen audientzian ere gorakada eman dela adierazi du CIESek. Urte batetik bestera, %62an handitu du audientzia GAUR8k eta kasik bikoiztu egin du Bidaiarik (%90eko hazkundea), 21.000 irakurletik 40.000ra pasata.
Bata astekari jeneralista gisa eta bestea nitxoko aldizkari moduan, bi komunikabide hauek euskarazko kazetaritzaren ekosistemari ekarpena ari dira egiten. Gainera, NAIZen indarra eta babesa audientzietan mugak hautsi eta gora egiteko baliatzen ari dira. Euskaraz kalitateko edukiak egiteko apustuak emaitzak eman ditu.
NAIZ Irratiaren hazkunde esponentziala
Etenik gabe hazten ari dena NAIZ Irratia da. 2022an kokatzen dira bere lehendabiziko neurketak CIES-en eta urte gutxien buruan gainontzekoekin lehiakor ari da. 2024ko bigarren jasoaldiko datuak parez pare hartuta, bikoiztu egin du eguneko batez besteko entzule kopurua, %116ko igoera erregistratuta.
Irratiko audientziaren gorako joera ere ukaezina da, 2023-2024ko datu metatuekin alderatuta, epe berdinean, %42,8ko hazkundea erregistratu baitu EAEn. Kasu honetan, Bizkaian hazi da gehien.
Podcast formatuak, zuzeneko emisioak eta eduki originalak gero eta gehiago baloratzen dira gaur egungo komunikazio panoraman eta NAIZ Irratia gero eta gehiago eta hobeto ari da lantzen. Era berean, musikaren aldeko apustua ere indartu du aurten, musika kanal berria sortuta.
Hazkunde honek berresten du irratiak oraindik ere botere handia duela kontakizunetan eta komunitatea ehuntzeko tresna gisa.
Bide argia eta konpromiso berritua
Hazkunde horiek ez dira helburu, baizik eta bide on baten seinale eta gure komunitateak guregan duen sinesgarritasunaren islada. Komunikazio independente, euskaldun eta herritar baten aldeko apustua eguneroko lanean gauzatzen da. Eta datuek erakusten dute gero eta pertsona gehiagok parte hartu nahi dutela proiektu horretan.
Hazkundeek ardura ekartzen dute: komunitatearen konfiantza irabazteak exijentzia maila handitzen du. Baina NAIZ, GARA eta NAIZ Irratia prest daude erronka horri aurre egiteko, komunitatearekin batera eta kazetaritzaren tresnak erabiliz, gizarte justuago eta informatuago baten alde.

Pompelo, la Iruñea romana fundada hace 2.100 años que fue escenario de un sueño de Lovecraft

Petición de hasta 3 años de cárcel para la mujer que trató de impedir el maltrato a un mantero

Fallece un montañero navarro y dos vizcainos gravemente heridos en el Pirineo

El TSJPV da la razón al Ayuntamiento de Bergara frente al proyecto de Valogreene
