
Athletic Clubek akordioa lortu du Iñigo Ruiz de Galarreta eta Iñigo Lekuerekin haien kontratuak bi urtez eta urtebetez luzatzeko, hurrenez hurren.
Gazte gaztetatik Lezaman hezi zen Ruiz de Galarretak errendimendu handia eskaini du Mallorcatik Bilbora duela bi urte itzuli zenetik eta 74 partida jokatu ditu. Jon Uriarte presidentea eta Mikel Gonzalez Futbol zuzendari nagusia San Mamesen izan dira sinadura ekitaldian.
31 urte dauzka Galarretak eta rol garrantzitsua izan du Ernesto Valverderen eskeman San Mamesera itzuli zenetik, zelai erdian oreka, joko ikuspegia eta nortasuna erakutsiz. Azken denboraldi honetan, 39 neurketa ofizial jokatu ditu LaLigaren, Koparen eta Europa Leaguearen artean. Lau gol-asistentzia eman ditu, eta funtsezko futbolari gisa sendotu da, bai baloiaren irteeran, bai jokoaren antolaketan.
Eibarren jaioa, 2011n egin zuen debuta lehen taldearekin, eta txapelketa profesionaletako hainbat klubetan (CD Mirandes, Real Zaragoza, FC Barcelona, UD Las Palmas eta RCD Mallorca) ibili ondoren.
Berritze hau bat dator Klubaren politikarekin eta sinatutako kontratuak Klubak azkenaldian izenpetutakoen ildo beretik jarraitzen du, soldata-egitura finkoarekin eta helburuen araberako osagai aldakorrarekin.
Galarretak bere poza adierazi du kontratu berria sinatu ostean: «Sekulakoa izan da etxera itzultzean bizitako guztia, eta ilusio handiz begiratzen diogu datorrenari». Mikel Gonzalez Futbol zuzendariak aldagelan daukan pisua nabarmendu du: «Funtsezko jokalaria da gure joko-sisteman, eta bi denboraldi hauetan ezinbestekoa izan da helburuak lortzeko. Oso adimentsua da, partidaren denborak eta faseak menderatzen ditu beti, ondo aukeratzen du eta taldea antolatuagoa bihurtzen du. Gainera, eredugarria da profesionaltasunean eta zehaztasunean datozenentzat».
Lekue ere, beste urtebetez
Bestalde, Iñigo Lekuek ere 2026ko ekainaren 30era arte izango du lotura Athleticekin, kontratua beste urtebetez luzatuta. Jubenil mailako Danok Bat taldetik 2012an heldu zenetik Lezaman hezitako Deustuko jokalariak hamaikagarren denboraldia egingo du lehoi gisa.
Berak ere San Mamesen sinatu du akordioa, Jon Uriarte eta Mikel Gonzalezekin.
262 partida ofizial ditu bere soinean, horietatik 53 azken bi denboraldietan, funtsezko jokalari gisa finkatuta, zelaiko hainbat eremutan aritzeko duen gaitasunagatik, klubak nabarmendu duenez.
Urte honetan ohiko bilakatu da bi hegaletan jokatzen ikustea, errendimendu bikaina eskaini du denboraldiaren azken txanpan, eta denboraldiko helburu guztiak jokoan zeudela, defentsan maila altua erakutsi du.
Aldagelako egungo kapitainetako batek, Ernesto Valverderen eskutik egin zuen debuta 4-0 historikoan, 2015eko Superkopan Bartzelonaren aurka, taldearekin lortu dituen hiru tituluetako lehenean.
Berrikuntza Ibaiganeren kontratu-politikaren barruan sartzen da, soldata-oinarri egonkorra eta kirol-errendimenduari lotutako pizgarriak konbinatzen baititu.
Lekue pozik agertu da elastiko zurigorria janzten jarraitzeagatik: «Niretzat berritze hau kirol arloan eta pertsonalki sekulakoa da. Zoragarria da amets hau bizitzen jarraitzea. Denboraldi honetan, taldeak erakutsitako lehiakortasun-sentsazioa ez dut gainerakoetan izan. Egia da pasa den denboraldian, 40 urteren ondoren, Kopa lortu genuela, Gabarra atera genuela eta Europan sartu ginela berriro, eta ahaztezina izan zela, baina aurtengoa, sendotasunari dagokionez, daramadan onena izan da», adierazi du.

«NAIZek euskal kulturgileak ukatu»?, NAIZen erantzuna

Cerdán dimite de sus cargos tras hablar el Supremo de «consistentes indicios» de comisiones

EH Bildu pide prudencia y que se «investigue hasta el final» la adjudicación de Belate

Fermin Muguruzaren Anoetako kontzerturako jakin beharreko guztia
