NAIZ

EH Bilduk Gipuzkoako mahai politikoa berretsi du, Nekane Zinkunegi buru dela

Gipuzkoako EH Bilduk Herri Batzarra egin du eta mahai politikoa berretsi du aho batez. 20 kidek osatuko dute, Nekane Zinkunegi politika arduraduna buru dutela. Lidergo partekatuen beharra azpimarratu du Zinkunegik.

Beasainen egin du bilkura EH Bilduk.
Beasainen egin du bilkura EH Bilduk. (EH BILDU)

Gipuzkoako EH Bilduren Mahai Politikoa, hogei bat lagunek osatua eta Nekane Zinkunegi politika arduradunak gidatua, aho batez berretsi dute lurraldeko batzarrean parte hartu duten ordezkariek, alderdi subiranistaren III. Kongresuaren prozesuarekin jarraituz. Gipuzkoako EH Bilduk Herri Batzarra egin du maiatzak 24 dituen honetan Beasaingo Igartza Jauregian, eta bertan 20 kidez osatutako mahai politikoa berretsi dute aho batez.

Mahai Politikoko kide izango dira martxoaren 16an aukeratutako Gipuzkoako Idazkaritzako ordezkariak: Nekane Zinkunegi, Lore Agirre, Zelai Amenabarro, Jon Zulueta, Saioa Rodríguez, Maddalen Iriarte eta Donostiako arduradun politikoa. Bestalde, Sortuko Amaia Etxabe, EAko Mikel Arreseigor eta Alternatibako Koldo Huidobro EH Bilduko alderdi politikoetako ordezkariek ere parte hartuko dute dute zuzendaritza organo honetan.

Horiekin batera, Juan Karlos Izagirre Donostiako bozeramailea ere izango da eta eskualde-irizpidearekin proposatutakoak honakoak dira: Bidasoako Oihana Briones, Oarsoaldeko Eneritz Arruti, Buruntzaldeko Pablo Barrio, Tolosaldeko Ander Goikoetxea, Urola Kostako Anuska Esnal, Debagoienako Xabier Igartua, Urola Erdiko Nagore Alkorta, Debabarrenako Gilen Garcia eta Goierriko Andoni Mikelarena.

Maddalen Iriarte EH Bilduren Batzar Nagusietako bozeramaileak adierazi du Gipuzkoak ezin duela gehiago itxaron eta «lidergo aktibo eta hurbil berri bat» behar duela, erronka berrien aurrean «inertziek» eta «betikoak» ez dutelako balio.

«Funtsezko denbora bizi dugu. Gipuzkoarrek sortu, berritu, amestu egiten dute, gizartearen motorra dira, baina erakunde batzuk atzean geratu dira, ez daude herritarren beharretara egokituta eta jendea urrundu egiten da», adierazi du Iriartek. Gaineratu duenez, «galdera berriei ezin zaie modu berean erantzun».

Kritikatu du politika «ez dela goitik behera egiten, baizik eta herri bakoitzetik, kale bakoitzetik», eta horregatik  dela EH Bildu lehen indarra 51 herritan. «EH Bildu gauzak beste era batera egin daitezkeela erakusten ari da, eta horregatik da garaia modu berri hori gainerako erakundeei helarazteko», baieztatu du.

Lidergo partekatuak

Nekane Zikunegik lidergo partekatuak eta erakundeen arteko lan kooperatiboa defendatu ditu, alderdien, eragile sozialen eta herritarren artean. Ildo horretan, zalantzan jarri du AHT Ezkiotik edo Gasteiztik egin behar den eztabaidatzen ari direnak herritarrak aintzat hartzen ari direnik.

EAJren eta PSEren foru gobernua «gutxiengoan dago eta gipuzkoarren interesak alde batera utzita jokatzen du», adierazi du Zinkunegik, eta azpimarratu du EH Bildu prest dagoela «lidergoa hartzeko eta etorkizuneko erronkei erantzuteko Gipuzkoa abangoardia izan dadin».

OSZAR »
OSZAR »