Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Wout Van Aerten lanari etekina atera dio Olav Kooij Vismako esprinterrak Viadanako helmugan

Herbehereetar gazteak Giroko hamabigarren etapa eraman du bere taldekidearen esprint bideratzaile lana baliatuta. Horrez gain, Casper Van Uden herkideak esprinta arinegi jo izana ondo etorri zaio azken metroetan aurrea hartzeko. Isaac Del Toro liderrak bi segundo pilatu ditu bere alde.

Olav Kooij gazteak egundoko lasaitua hartu du Viadanan Giroko etapa irabazi ostean.
Olav Kooij gazteak egundoko lasaitua hartu du Viadanan Giroko etapa irabazi ostean. (Luca BETTINI | AFP PHOTO)

Sterratoa, erlojupekoa eta Apeninoetako etapen ostean, nolabaiteko lasaitasuna itzuli da Giroko tropelera. Hamabigarren etapa esprintean erabaki da, espero bezala eta Visma taldeak Giro honetako bigarren garaipena eskuratu du, berriz ere Wout Van Aert handiaren lanari esker. Sterratoko etapa Van Aert berak eraman zuen joan zen igandean, baina ostegun honetan ez da bera izan besoak altxatu dituena, 23 urteko Olav Kooij esprinter gaztea baino. Hori bai, Viadana hirian Kooijek erdietsitako garaipena –iaz lortu zuen estreinakoa eta orain bigarrena– neurri handi baten Van Aerten lanari esker izan da.

Olav Kooij azken zuzenguneraino eskutik eraman dute Visma taldeko kideek, baina ez du etapa garaileak abantailarik ukan Van Aertek erreleboa eman duen arte. Azken zuzengunera iritsi aurretik eskuinerantz bihurgune itxi xamarra izan du tropelak eta Visma taldeko flandriarrak ahoko zuloan laga dio bere taldekideari etapa garaipena bihurgune horretatik abantaila guztiarekin atera ahal izan baitu.

Nolanahi dela, azkenera arte asko sufritu behar izan du Olav Kooijek bere garaipena. Batetik, Tirreno-Adriatico probatik hona garaipenik lortu gabe egon da mutila eta konfiantza soberarik ez du ekarri Girora. Horrez gain, aurtengo Giroan esprint bat irabaztea lortu duen Casper Van Uden erkideak ere majo estutu du Kooij. Van Uden, ordea, ez da bere erkidea bezain bizia eta esprintak arinagotik jotzen ditu. Ondorioz, azken metroak luzetxo egin zaizkio eta han eman dio buelta buruz burukoari Vizma taldeko gazteak. A zer lasaitua hartu duen besoak altxatu ahal izan duenean!

Giroko sailkapen nagusiari begira, berriz, Isaac Del Torok beste bi segundo pilatu ditu bere alde. Aurtengo Giroak gainsaria jarri du etapa bakoitzean tarteko esprint baten eta bigarren postuan amaitu duelarik, mexikar gazteak beste bi segundo sartu dizkie bere atzetik datozenei Nekez izan beharko luke garrantzirik irabazi horrek Erromako azken sailkapenari begira, baina erlojupekoan jasan zuen galeraz geroztik, handik eta hemendik harramazkatu ditu segundo gutxi batzuek bere «maglia arrosa» sendoago izan dadin.

Lasai bezain bizi

Aurreko etapetako zalapartaren ondotik lasaitasun apur bat bilatu du Giroko hamabigarren etapak. Oraindik ere jardunaldi gogor askoak zain daude Italiako errepideetan barrena eta hargatik, sailkapen nagusiari baino gehiago, etapako jardunari jaramon egitea egokitu da ostegun honetako 172 kilometroetan.

Ez da harritzekoa izan, hortaz, tropelak berehalako baimena eman izana eguneko ihesaldiko hiru protagonistei: Giosue Epis (Arkea), Andrea Pietrobon (Polti) eta Manuele Tarozzi (Bardiani). Hori bai, sekula ere ez dio tropelak hirukote honi itxaropen faltsurik eman. Kate motzean lotuta joan dira eta hiru iheslariek lana txukun bete badute ere, erreleboetan hutsegite handirik gabe eta azkenera arte fin eta kirol-legez jokatuz, nahi izan duen unean harrapatu ditu multzo nagusiak Viadanako esprintera begira.

Egunean zehar hirugarren mailako bi muinotxo baino ez dituzte igo txirrindulariek eta, beraz, ez da bestelako bakandurik eman, ez bada azken kilometroetako abiadurari lotuta. Zentzu horretan, Xabier Mikel Azparren (Q36) eta Jon Barrenetxea (Movistar) lanean beltz azaldu dira tropelaren buruan, gurditik tiraka, bere taldekideen mesedetan.

Hala, esprinterako jokoan ere esprinterren taldekideak ere dantzan jarri dira, eta egiari zor, Visma taldeak ez du lan errazik izan Olav Kooij atzetik aurrera eramateko. Bateko bide bazterreko zuloak saihestu beharra, besteko Kooijek taldekideen gurpila galdu duela... ia besoetan hartuta igo du Wout Van Aertek esprinter gaztea aurreneko postu horietara.

Gauzak horrela joan dira, harik eta azken kilometroan Van Aert bera gurditik tiraka hasi den arte. Tropela sugea bailitzan luzatu arazi du flandriarrak eta azken bihurgunea baliatu du Olav Kooij aurrera eramateko, baita lortu ere. handik aurrerakoa Kooijen esku geratu da. Kosta zaio, baina kostata izan arren ongi errematatu du 23 urteko gazteak Vismak bere alde egin duen. lana. Ondorioz, Vismak Giro honetako bigarren garaipena poltsikoratu du.

Akaso ostiral honetan ere ez dira urruti ibiliko, Van Aert bera hasita. izan ere Rovigotik Vicenzara dauden 180 kilometroak muinotxo baten amaituko baitira. Ez luke alde handirik behar ez etapa jokatzen ari diren horien artean, ezta sailkapen nagusira begira borrokan dabiltzanen artean ere, baina akaso bizpahiru segundoko dantza izango da eta baten batzuek irribarre zabalarekin ospatuko dute hamahirugarren etaparen amaiera.

OSZAR »
OSZAR »