NAIZ

Hamarnaka eragilek bat egin dute erroldatzeko eskubidearen aldeko manifestazioarekin Gasteizen

Ekainaren 5erako Gasteizen deitutako manifestazioarekin bat egin dute Arabako hiriburuko 47 kolektibok. Helburua udalak erroldatzeko eskubidea etxebizitzen errentatzaileen esku uzten duela salatzea izango da, ‘Erroldarik gabe, izaterik ez!’ kanpainaren barruan.

Ostegun honetan Gasteizko Plaza Berrian eskainitako agerraldia.
Ostegun honetan Gasteizko Plaza Berrian eskainitako agerraldia. (ERROLDARIK GABE, IZATERIK EZ!)

Gasteizko Udalak erroldatzeko eskubidea etxebizitzen errentatzaileen esku uzten duela salatuko du manifestazio batek ekainaren 5ean. ‘Erroldarik gabe, izaterik ez!’ kanpainatik jakitera eman dutenez hiriko 47 eragile atxikitu dira deialdi honetara. Haien artean dira sindikatuak, auzo elkarteak eta beste eragileak, mugimendu feminista eta pentsionistak, besteak beste.

Ostegun honetan egindako agerraldi batean gogorarazi dutenez, 18.30ean abiatuko da Plaza Berritik, ‘Udalak eskubiderik gabe uzten gaitu. Padron y derechos para todas’ lelopean. Esan dutenez, «udalak ehunka pertsonen erroldatzea oztopatzen ari da eta horrek oinarrizko eskubideak eskuratzea eragozten du, hala nola, babes sozialeko sistema, osasun sistema eta lan eskubideak».

Funtsean, Udalari erroldatzeko eskubidea jabeen esku uzten duen erabaki politikoa bertan behera uztea eta «inolako baldintzarik gabe aitortzea» exijituko diote.

Izan ere, espainiar Estatuko legearen arabera, pertsona oro bizi den udalerrian erroldatuta egon behar duela azpimarratu dute. «Ebazpen batek jasotzen du infraetxeetan eta etxebizitza gabe bizi diren pertsonek errolda lortzeko eskubidea dutela, etxebizitzaren titulartasunaren inguruan egon daitezkeen eztabaida juridiko-pribatuak edota etxebizitzari eragiten dioten egoera fisiko, higieniko, sanitario edo bestelakoak alde batera utzita».

«Ondorioz, txabolak, karabanak, kobazuloak edota kalea bera, erroldatzeko helbide baliodun gisa ager daitezke edo agertu behar dute», gaineratu dute.

Gasteizko Udalaren baldintzak

Baina, diotenez, «Gasteizko Udalak baldintza batzuk ezartzen ditu, pertsona askori oinarrizko eskubide hau eskuratzea eragotziz, etxebizitza baten jabe izatea eskatuz, edota alokairu kontratua izatea eta jabeak erroldatzeko berariazko baimena eman behar izatea. Azken batean, jabeen esku uzten du erroldatzeko erabakia. Pertsona askoren eskubideak murrizten dituen erabaki politikoa da hau».

«Udalaren erabaki horrek errolda merkantzia bihurtu du, jende asko kontraturik gabeko alokairuan, etxe okupatuetan, senideen edo lankideen etxebizitzetan, kalean... bizi garelako eta errolda behar dugulako legez gure eskubideak eskuratzeko. Jabe batzuek egoera hori aprobetxatu eta erroldak saldu egiten dituzte: hori da jabe batzuek udala jakinaren gainean egonda, gauzatzen duten iruzurra eta mafia», kritikatu dute, eta ohartarazi dute «zapalkuntza- eta esplotazio-egoera handienean» dauden pertsonak direla «bidegabekeria hau zuzenean jasaten dutenak».

OSZAR »
OSZAR »