
Giroko 9. etapa Toscanatik igaro da igande honetan, 'sterrato' deritzon 30 kilometroko zona batekin. Ikuskizuna ziurtatuta zegoen, baina horri Wout van Aerten bertsiorik onena gehitzen badiogu, orduan emaitza bikaina eta itzela da. Visma taldeko txirrindulariak sekulako garaipena erdietsi du, Giroan lortzen duen lehena, eta ihesaldian ondoan izan duen Isaac del Torok beste sari potolo bat eskuratu du: Giroko lehen lider mexikarra bihurtu da.
Etapa garaipena bakarrik faltatu zaio Del Torori, atzo etxean aritu den Diego Ulissi (Astana) italiarrari maillot arrosa kendu ostean. Mexikarrak hankaz gora ipini du etapa kaotikoa. 'Sterrato'-aren lehen erdian lurrera joan da Primoz Roglic (Red Bull) Giroa irabazteko faboritoetako bat. Ez da larria izan, baina ondoren beste ezusteko bat izan du gurpila pitzatu zaionean helmugarako 50 kilometroren faltan. Honek jokoz kanpo utzi dio.
Etaparen hasieran ihesaldia osatu dute zenbait gizonek: Kaden Groves (Alpecin-Deceuninck), Quinten Hermans (Alpecin), Milan Fretin (Cofidis), Dries De Bondt (Decathlon), Taco Van der Hoorn (Intermarche) eta Luke Lamperti. Baina abentura goiz amaitu da. Horien lekukoa hartu dute sasoi oso onera bueltatu den Egan Bernalek eta Brandon Riverak (Ineos), Van Aertek eta Del Torok.
Azken guda Sienan
Roglicen erorikoa ikusita, indar guztiak jarri dituzte helmugara iritsi ahal izateko. Eta mexikarra oso indartsu agertu da. 20 kilometroren faltan, pedalkada indartu eta aurrera egin du Van Aertekin batera.
Hala, elkarrekin harrizko galtzada duen Sienako kaleetara iritsi dira. Bertan egundoko guda mantendu dute biek. Azken malda ikaragarri gogorrean, bazirudien Del Toro indartsuago zebilela, baina nekearen zama sentitzen hasi eta Van Aertek ez du hutsik egin Giroan lehen garaipena eskuratzeko. Mexikarrak, ordea, lidertza eskuratu du eta Juan Ayuso taldekidea bigarren ipini da sailkapenean.

El TSJPV da la razón al Ayuntamiento de Bergara frente al proyecto de Valogreene

Rechazan el inicio de la segunda fase del proyecto de tranvía de Jerusalén ejecutado por CAF

Tensa protesta en el pleno de Donostia frente a un posible desalojo de Guardetxea

Un hombre mata en Bilbo a su hija de 13 años con un cuchillo y después se suicida
