
Europako hiriak atzean geratzen ari dira klima aldaketara eta honen arriskuetara egokitzeko prozesuan, Basque Centre for Climate Change (BC3) euskal ikerketa zentroak ‘Nature Climate Change aldizkarian’ argitaratutako ikerketa berri batean ondorioztatu duenez.
Lanak erakusten duenez, Europako hirietako klima egokitzeko planen ia %70k ez dute funtsik, eta honek larriki mugatzen du klima-arrisku gero eta handiagoei aurre egiteko eraginkortasuna.
«Europa munduko gainerako herrialdeak baino bi aldiz azkarrago berotzen da, eta gure biztanleria gero eta arrisku klimatiko handiagoen eraginpean dago, hala nola uholdeak edo suteak. Egoera horren aurrean, egokitzapen-planak ekintza zehatzetan gauzatu behar dira, ikuspegi integratzaileekin, datuetan oinarrituta eta jarraipen-mekanismo argiekin, biztanleria ahulenak babesik gabe gera ez daitezen», nabarmendu du artikuluaren egileetako batek, Marta Olazabalek. Ikerbasque Research Associate Professor da bera BC3n.
Artikuluaren arabera, «egokitze-arrakala» horrek gero eta mehatxu handiagoak dakarzkie hirietan bizi diren europarrei.
Gizarte ekitatea integratu gabe
Arrakala hori murrizteko, ikerketak egokitzapen-planen barne-koherentzia ebaluatzeko esparru berritzaile bat aurketuztu du. Zehazki, Europa osoko klima egokitzeko 167 tokiko plan aztertu zituen lanak, eta bost funtsezko koherentzia-dimentsio ebaluatu zituen: arriskuak egokitzapen-helburuekin lerrokatzea; sektore-arriskua neurriekin lerrokatzea; talde kalteberentzat arriskuak kontuan hartzea; talde kalteberak jarraipenean eta ebaluazioan sartzea; eta talde ahulek plangintzan parte hartzea.
Planen erdiek baino gehiagok ingurumen-arriskuak dagozkien ekintzekin lerrokatu bazituzten ere, %1ek bakarrik sartu zituen modu eraginkorrean komunitate kalteberak, hala nola adinekoak, diru-sarrera txikiko pertsonak eta etnia-gutxiengoak. Ikerketaren egileen arabera, horrek adierazten du klima-estrategietan gizarte-ekitatea integratzean huts orokorra izan dela.
Europako ekimena
Europako EURO-lcp ekimenaren baitan dago ikerketa. 2010az geroztik, Europako 28 herrialdetako 40 ikertzaile inguru ari dira lanean, eta Europako 885 hiritan ari dira azterketak egiten.
Taldearen buru Diana Reckien da, Twenteko Unibertsitateko ikertzailea eta ikerketa berriaren egile nagusia. Lanak ondorio positiboak ere azaltzen ditu, hala nola aztertutako planen %52k sektore-arriskuak egokitze-neurriekin erabat lerrokatzen dituela.
Hala ere, lanaren arabera, ia erdiek arriskuak identifikatzen dituzte, eta ez dute jarraipenik egiten dagozkien ekintzekin; neurri sektorialen %49 aldez aurreko ebaluaziorik gabe ezartzen dira; soilik %1ek inplikatzen ditu benetan talde kalteberak; eta plan zaharrenetan ahula da arriskuen eta helburu klimatikoen arteko lerrokadura.
Koherentzia falta horrek, egokitzapenaren eraginkortasuna mugatzeaz gain, egokitzapen txarraren arriskua areagotzen du, eta, hala, ekintzek ahuleziak nahi gabe larriagotu ditzakete edo baliabideak alferrik galdu.
Arduradurei egindako eskariak
Ikerketaren autoreek egokitze-planen barne-koherentzia indartzeko eskatzen diete klima-politiken arduradunei, eta arriskuen ebaluazioek planifikatutako ekintza guztiei eutsiko dietela bermatzeko, gizarte-ahuleziei esplizituki heltzeko eta parte-hartze eta segimendurako prozesu gardenak sortzeko.
«Klimaren egokitzapenak paperetik harago joan behar du. Sendoa, inklusiboa eta ebidentzian oinarritutakoa izan behar da planifikazioa, bestela komunitate ahulenak atzean uzteko arriskua dugu», ondorioztatu du Reckienek.
Ikerketak erreferentzia-puntu berri bat ezartzen du plan klimatikoak ebaluatzeko, eta tresna praktikoak eskaintzen ditu egokitzapen-arrakala ixteko, hiriei etorkizun erresiliente eta bidezkoagoak eraikitzen lagunduz.

Rechazan el inicio de la segunda fase del proyecto de tranvía de Jerusalén ejecutado por CAF

Tensa protesta en el pleno de Donostia frente a un posible desalojo de Guardetxea

Un hombre mata en Bilbo a su hija de 13 años con un cuchillo y después se suicida

Jóvenes y extrema derecha: una generación, dos mundos
