NAIZ

Euskotren Ligan ondoen sailkatzen den Donostiako ontziak ordezkatuko du hiria Kontxako Banderan

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak traineru ordezkariari dagozkion irizpideak aldatu dituzte, emakumeen Kontxako Banderan hiriko traineru bateratua izateko helburua betetzen ez den bitartean. Sailkapenean atzetik geratzen den traineruak Kontxako sailkapen estropadan aritu beharko du.

Arraun Lagunak, 2024ko Emakumeen Kontxako Banderaren irabazlea.
Arraun Lagunak, 2024ko Emakumeen Kontxako Banderaren irabazlea. (Jon URBE | FOKU)

2025ko Kontxako Bandera oraindik urruti dago, baina emakumeen estropadari dagokionez, Donostiako Udalak prentsaurrekoa eskaini du astearte honetan, hiriaren ordezkaritza erabakitzeko irizpideak moldatu dituelako. Hala, 2017tik aurrera egin duenaren arabera, Kaiarriba-Donostiarra trainerua hobetsi ordez, hemendik aurrera –alegia, 2025ko Kontxako Banderatik hasita– Euskotren Ligan ondoen sailkaturiko Donostiako traineru hobetsiko du hiriaren ordezkari izateko. Ondorioz, sailkapenean atzetik geratzen den traineruak Kontxako sailkapen estropadan hartu beharko du parte estropadan aritzeko.

«Kontxako Banderaren parte hartze oinarriak onartzen direnean (...) irailaren lehen bi igandeetako estropadetan zuzenean parte hartuko du hiriko ordezkari moduan maila goreneko ligan sailkapen onena duen klubak, baldin eta bi traineruek lehiaketa berean parte hartuko balute», zehazten du araudi berriak, Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak irizpideak aldatu ostean.

Alegia, azken urteetako sailkapenari so eginez gero, Arraun Lagunak izango litzateke Kontxako Banderan hiriaren ordezkari gisa sailkapen estropadarik burutu beharrik gabe Donostiaren izenean estropadan legokeen ontzia.

«Korapiloa askatu»

Jon Insausti Kultura zinegotziak eta Ane Oyarbide Berdintasun zinegotziak gidatu dute irizpide aldaketa honi buruzko prentsaurrekoa. Udalaren nahia, mutilen estropadan gertatzen den moduan, Donostiak «traineru bateratua» izatea litzatekeela adierazi dute, baina «une honetan hori ezinezkoa» delarik, «korapilo hori askatzeko» irtenbidea eskaini gura izan zaio.

«Estropadak pasa ondoren hasi ginen klubak –Donostiarra eta Arraun Lagunak, alegia– sondeatzen. Udazkenean elkarrizketak izan genituen klub biekin aukera ezberdinak landuz. Erabakia gurea da, baina klubak prozesuaren jakitun dira», gaineratu du Insaustik.

«Donostiak traineru eta klub bateratu bat behar duela irizten dio Donostiako Udalak, baina gaur egun ez da posible», berretsi du, nolanahi, Kultura zinegotziak.

Horren harira, azken urteetan Arraun Lagunak taldeak Emakumeen Kontxako Bandera irabazi izanak ez omen du zerikusirik izan Udalak hartutako erabaki honekin.

«Ez du zerikusirik Arraun Lagunaken arrakastek erabaki hau hartzeko orduan. Bi traineru dauzkagu, indartsuak biak duinak bata zein bestea Donostiako ordezkari izateko» azaldu du Kultura zinegotziak. Hala, Insaustik azpimarratu nahi izan du «azken helburua ez dela» hau, baizik eta «Donostiak traineru bateratua behar duela Kontxan parte hartzeko».

Bere aldetik, Ane Oyarbide Berdintasun zinegotziak Insaustik aurrez esandakoa berretsi du eta «neurria bidezkoa dela» iritzi dio «eztabaidei amaiera ematen dielako; fokua garrantzitsua den horretan ezartzen duelako. Klub guztiei berdintasunean parte hartzeko aukera ematen zaie. Iraganean izan ditugun arazoen korapiloa desegin egiten da horrela».  

OSZAR »
OSZAR »