NAIZ

Surne Bilbao Basketek egingo du ohorezko sakea Athletic-Alaves derbian

Apirilaren 23an PAOK Salonika gaindituta FIBA Europe Cupeko txapeldun atera ziren beltzezko gizonak eta balentria hori dela-eta Athleticek Jaume Ponsarnauren taldea omenduko du igande arratsaldean. Aurrez, Leyma Coruñaren aurka ACB Ligan beste urtebetez mantentzeko aukera izango du Miribillan.

Bilbao Basketeko presidente, entrenatzaile eta jokalariak bilbotarrekin FIBA Europe Cupeko garaipena ospatzen.
Bilbao Basketeko presidente, entrenatzaile eta jokalariak bilbotarrekin FIBA Europe Cupeko garaipena ospatzen. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Athleticek Surne Bilbao Basket omenduko du FIBA Europe Cup txapelketa irabaztegatik, eta saskibaloi taldeak ohorezko sakea egingo du zuri-gorriek eta Alavesek San Mamesen igandean jokatuko duten euskal derbian.

Bilboko saskibaloi taldeak bere lehenengo titulu profesionala lortu zuen pasa den apirilaren 23an Grezian PAOK Salonikaren aurka, klubaren 25. urteurrenarekin bat eginez, talde zuri-gorriak gogorarazi duenez. Mende laurden honetan Bilbao Basketek beste hiru final jokatu ditu: 2007ko Superkopako finala Saski Baskoniaren aurka, 2011ko ACB Ligakoa Bartzelonaren aurrean eta 2013an Charleroi hirian Lokomotiv Kuban Krasnodar taldearen aurka jokatu zuen Eurocupeko finala. Kasu horietan guztietan ezin izan zuen titulurik altxatu, Salonikan ez bezala.

Athleticek «hiriko kirol ikurretako bat» den Bilbao Basketek lortutako garaipen historikoa aitortu nahi du, «gure klubaren baloreekin hainbatetan bat egiten duen taldea baita, dedikazioan, ahaleginan edo kide izatearen sentimenduan, besteak beste».

Horrela, beltzezko gizonek San Mamesen omenaldia jasoko dute igande honetan Athleticek eta Alavesek 18.30ean jokatuko duten partidaren hasieraren aurretik. Igande horretan bertan, derbiari ekin aurretik, 12.30ean, Leyma Coruñaren aurka jokatuko du Jaume Ponsarnauk zuzentzen duen taldeak Bilbao Arena pabiloian. ACB Ligako azken sailkatuaren kontra garaipena erdietsiko balu talde bilbotarrak, datorren denboraldian ACB Ligan jarraitzea bermatuko luke.

OSZAR »
OSZAR »