Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Bilbok bizi duen ekaitzaren aurreko barealdia itzalaldiak bakarrik eten du

Europa Leagueko osteguneko partida hurbiltzen den heinean, tentsioa handitzen hasiko da. Zuri-gorriek hirugarren aldiz irabazi nahi diote, San Mamesen, kirolean eta kiroletik kanpo krisi batean dagoen Manchester Unitedi. Sancet gabe jokatu beharko dute.

Min hartuta dagoen Oihan Sanceti aukerak bukatzen ari zaizkio ostegunean Manchester Uniteden aurka jokatzeko.
Min hartuta dagoen Oihan Sanceti aukerak bukatzen ari zaizkio ostegunean Manchester Uniteden aurka jokatzeko. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Barearen ostean dator ekaitza» dio Hertzainak taldearen “Aitormena” abestiak. Asteleheneko itzalaldiak bakarrik hautsi zuen egun hauetan Bilbon eta Bizkaia osoan bizi den kirol barealdia. Athletic ez da bizkaitarrek eta bilbotarrek duten garrantzitsuena, baina ezin dugu ukatu klub zuri-gorria bertako biztanleentzat zati handi bat dela. Eta osteguna iritsi ahala, barealdia tentsio bihurtzen hasiko da.

Maiatzaren 21ean jasoko duen Europa Leagueko finalari begira erakusleiho itzela izango da San Mames. Harmailak kolorez eta oihuz jantziko dira, finalerdietako joaneko neurketan Manchester United talde ingelesa jasotzeko.

'Deabru gorriek' hirugarren aldiz bisita egingo dute Bilbon, eta Athleticeko jokalariek hirugarren garaipena erdietsi nahiko dute, 1957an eta 2012an egin zuten bezalaxe. Haietako lehenean, 'elurretako partida' deritzon lehian, Fernando Daucikek gidatzen zuen talde zuri-gorriak 5-3 irabazi zuen, Uribe (2), Markaida, Merodio eta Artetxeren golei esker.

Athleticen historian gordeta dagoen garaipena da. Baina ez zen nahikoa izan, itzulikoan 3-0 galdu baitzuten.

Sari handiagoa jaso zuten bilbotarrek 2012an, Marcelo Bielsaren gidaritzapean. Aste bat lehenago Old Trafforden gau magikoa burutu ostean (2-3), San Mamesen kanporaketa gainditzea berretsi zuten, 2-1 irabaziz. Oscar de Marcos da ordutik geratzen den jokalari bakarra. Arabarra protagonista izan zen bi partidetan, bietan gola sartu baitzuen.

Manchester United, krisian baina arriskutsua

Guardiakoak futbola utziko du denboraldi amaieran, baina lehenago bi helburu ditu: taldea Ligan ahalik gorenena uztea, hurrengo sasoian Txapeldunen Liga jokatu ahal izateko, eta maiatzaren 21ean Europa League etxean irabaztea.

Eta zergatik ez horrekin amestu? Bidea zein den badakite, De Marcosek berak badaki. Athleticek etxeko partida guztiak irabazi ditu Europan, eta aurten gainera ez da Manchester Uniteden urtea izaten ari. Kirol arloan eta kirolez kanpoko krisi batean sartuta daude ingelesak.

Honek, ordea, arriskua dakar. Izan ere, Europa League da denboraldi negargarria ahazteko duten aukera bakarra. Gainera, ez da ahaztu behar Manchester United Realaren borreroa izan zela final zortzirenetan (1-1 Anoetan eta 4-1 Old Trafforden) eta final laurdenetan izerdia bota behar izan zuela Lyon kanporatzeko. Joanekoan 2-2 geratu baziren, itzulekoan luzapeneko 121. minutuan erabaki behar izan zuen Unitedek (5-4).

'Deabru gorriek' 2017an irabazi zuten Europa League, orduan Jose Mourinho portugaldarra entrenatzaile zutela. Jokalari arriskutsuak daude gaur egungo taldean, eta San Mamesen emaitza on bat ateratzea inoiz baino garrantzitsuagoa izango da, hurrengo astean, maiatzaren 8an, 'Ametsen Antzokian' finalarekin amesten jarraitu ahal izateko.

Aipaturiko De Marcosek eta beste hamar lagunek jokatuko dute Athleticekin. Arabarra kapitaina da eta, gihar arazorik ez badu, hamaikakoan egongo dela ez dago dudarik. Ernesto Valverderen oniritzia du.

Zailagoa –ezinezkoa esan daiteke– izango du Oihan Sancetek. Asteleheneko entrenamenduan hasieran bakarrik aritu zen, eta astearte honetan ez da entrenatu. Haren ordez, harrobiko Alejandro Rego ikusi ahal izan da lehoiekin batera.

Erdilari bilbotarrak 21 urte ditu, eta Bilbao Athletic gidatzen duen Jokin Aranbarrirentzat gakoetako bat da. Taldea sailkapenean seigarren dago, Bigarren Mailara igotzeko play-offetatik bi puntura.

Logikoa denez, Rego ez da Sanceten ordezkoa izango ostegunean. Horretarako, Valverdek baditu beste aukera batzuk. Dena den, asteazken honetan 12.00etan eskainiko duen prentsaurrekoan gauza gehiago zehaztu ahal izango ditu prestatzaileak. Valverderekin batera taldearen arrisku handiena daraman Nico Williams agertuko da. Ondoren, 18.00etatik aurrera, azken saioa burutuko dute.

Juanjo Valencia, baikor

Valverde oso ondo ezagutzen duena Juanjo Valencia atezain ohia da (1992 eta 1999 artean aritu zen Athleticen). Gaur egun Leganesen dihardu atezainen prestatzaile, baina jokalari bezala egungo Athleticeko prestatzailearekin aritu zen.

Haren ustez, «han zaudenean eta Valverderekin aldagela konpartitzen duzunean, ohartzen zara norbait entrenatzaile izan badaiteke, hori bera dela. Asko pozten naiz beregatik eta futbolaren alde eman duenagatik. Entrenatzaile bikaina da eta ia beti ondo egiten du». Taldeari dagokionez, «denboraldia azpimarratzekoa» eta «meritu handikoa» dela adierazi du, eta Europa League etxean, Bilbon, irabazteko aukera berretsi du.

OSZAR »
OSZAR »