Ane Iparragirre

Diyarbakir Express, Anatoliako estepan zehar

Duela hilabete batzuk egin zuen lehen bidaia Touristic Diyarbakir Express trenak, Mesopotamia Express izenez ezagunak. Ankarako geltoki historikotik abiatu zen, Turkiako hiriburutik, eta Diyarbakirrera iritsi zen, hego-ekialdearen bihotzera, Kayseri, Sivas, Malatya, Elazig eta Bingöletik igaro ondoren.

Touristic Diyarbakir Express trenak abentura erakargarria eskaintzen du Anatoliako estepa zabalean zehar. (Dia Images | Getty Images)
Touristic Diyarbakir Express trenak abentura erakargarria eskaintzen du Anatoliako estepa zabalean zehar. (Dia Images | Getty Images)

Harrezkero, 1.055 kilometro egiten ditu astero, Anatoliako estepa zabalean zehar, Turkiako ekialdeko mendietatik Mesopotamiako iparraldeko lautadetara. Arrastaka darama jatetxe-bagoi bat eta 180 lagunentzako edukiera duten bederatzi ohe-bagoi. Trenak aurrera egin ahala, bidaiariek paisaia aldakor eta ikusgarriaz goza dezakete leihoetatik. Batzuk eserita doaz, lasai, kristalaz bestaldean azaltzen zaienari begirik kendu gabe; beste batzuk, berriz, berriketan ari dira jantoki-bagoian, kofte (parrillan egindako haragi-bolak) edo beste jaki turkiar tradizionalak dastatzen.

Geltokietan dendak daude. (Dia Images | Getty Images)
Ankarako geltoki historikotik abiatu eta Diyarbakirrera iristen da trena, bidean zenbait geldialdi egin ondoren. (Dia Images | Getty Images)
MALATYA ETA ELAZIG

Trena, jakina, hainbat aldiz gelditzen da. Geldialdi turistikoak dira, ibilbideko lekurik interesgarrienak ikusteko propio aukeratutakoak. Horietako bat Malatya da, merkataritza- eta kultura-bidegurutze historiko eta estrategikoa izandakoa. Bertan, hamaika harribitxi aurkituko ditu bidaiariak; honako hauek, besteak beste: Arslantepeko Brontze Aroko aztarnategia, Ulu meskita zaharra eta Arslantepe mendixka, Unescoren Munduko Ondareen Zerrendan dagoena.

Geltokiak jendez gainezka egoten dira. (Dia Images | Getty Images)

Bidaiariak banaka edo taldeka igotzen dira trenera. (Dia Images | Getty Images)

Lanerako denbora ere hartzen dute bidaiari batzuek. (Dia Images | Getty Images)

Elazig da Mesopotamia Express trenaren ibilbidearen beste geltoki interesgarrienetako bat. Han dago Harput gaztelua, K.a. VIII. mendean muino baten tontorrean eraikia. Mendeetan zehar merkataritza ibilbideetan izan duen kokapenaren eraginez, oraindik ere fede, kultura eta osasun gune ezaguna da. Egun, gaztelu, bazar, meskita eta bainugelaz zipriztinduta dago. Ezagunenak dira Ama Birjinaren eliza –Anatoliako gurtza-leku zaharrenetakoa– eta Harputeko Meskita Handi historikoa. Berezia da hiria, Eufrates eta Tigris ibaiak izan baitira hiriaren garai loriatsuen lekuko isilak.

180 lagunentzako edukiera duten bederatzi ohe-bagoi ditu trenak. (Dia Images | Getty Images)

Dantzarako beta ere izaten dute batzuek. (Dia Images | Getty Images)

Ondoren, trena Kayserin gelditzen da, Erciyes mendiaren magalean. Erdi Aroko gaztelu eta gotorlekuz zipriztinduta, hiriak zenbait monumentu seljuktar bisitatzera gonbidatzen du; besteak beste, Döner Kümbet, Meskita Handia eta Gevher Nesibe Madrasa, Seljuktar Zibilizazioaren Museoa hartzen duena. Eta gastronomiaz bereziki gozatzen duenak ez luke berriro trenera igo behar hiri honetan bere manti ospetsua dastatu gabe.

Emakume bat, erosketak egiten. (Dia Images | Getty Images)
Mesopotamiar kulturaren bihotzean, paseatzera eta zibilizazioaren historia luzearen hondarrak ezagutzera gonbidatzen du bidaiak. (Dia Images | Getty Images)
DIYARBAKIR, HELMUGA

Mesopotamia Expresseko bidaia Diyarbakir-en amaitzen da, mesopotamiar kulturaren bihotzean, paseatzera eta zibilizazioaren historia luzearen hondarrak ezagutzera gonbidatzen duen hirian. Bereziki gomendatzen dute Hasan Pasha Inn historikoan gosaltzea eta Diyarbakirreko harresiak zein Hevseleko lorategiak bisitatzea. Eta, denbora izanez gero, merezi du Süleyman Profetaren Meskita, Iäçkaleko Arkeologia Museoa, Zerzevan gaztelua eta Mitrako tenplua bisitatzea.

Azkenik, bidaia amaitutzat emateko eta ahaztezin bihurtzeko, aukera paregabea da Eğil auzora hurbiltzea eta ostatu, eliza eta meskita ikusgarrien artean galtzea. Anatoliako estepa zabalean zehar egindako abenturari agur esateko modu egokia da benetan; eta, are gehiago, burma kadayde bat dastatuz eta dengbêjen bat –‘Homero moderno’-tzat jotzen diren narratzaile epikoak– entzunez.

OSZAR »
OSZAR »