Arnaitz Gorriti

Euriak sailkapen nagusia zapuztu du Napolin, baina ez Kaden Grovesen etapa garaipena

Helmugarako 73 kilometrora erorketa handi bat izan da, euria eta zoru labainkorra dela-eta. Ondorioz, bost txirrindularik lasterketa laga behar izan dute, tartean Jai Hindley 2022ko Giroko garailea. Ostean, etapa garaipena soilik jokatu da, denborak eta bestelako sailkapenetako puntuak zenbatu gabe.

Kaden Groves hanka bakarrarekin nagusitu da Napoliko esprintean.
Kaden Groves hanka bakarrarekin nagusitu da Napoliko esprintean. (Luca BETTINI | AFP PHOTO)

Giroko seigarren etapa euriak zapuztu du, eta euriaren eta txirrindulariek bidean tarteka aurkitu duten zoru petralaren erruz, helmugarako 73 kilometroren faltan izan den eroriko malapartatuak. Makina bat txirrindulari, tartean Mads Pedersen liderra, Adam Yates edo Daniel Felipe Martinez, hankaz gora joan dira, baina horiek tropelean jarraitu ahal izan dute. Ez ordea eroriko horretan nahastu diren bost txirrindularik; tartean 2022ko Giroa eraman zuen Jai Hindley, Bora taldeko Primoz Roglicen taldekidea.

Lasterketa gelditu egin du antolakuntzak, tartean Primoz Roglic berak ez zituelako Napolira bidean –Potenzatik abiatuta 227 kilometro, aurtengo Giroko etaparik luzeena– falta ziren kilometroak egin nahi. Azkenean, hala ere, Giroak erabaki salomonikoa hartu du: etapa garaipena jokoan jarri da, baina sailkapen nagusirako –edota bestelako sailkapenetarako– ez da ez denborarik ezta punturik aintzat hartu.

Ondorioz, Giroko sailkapen nagusia lehiatu behar duten txirrindulariek ahalik eta arrisku gutxien hartzea erabaki dute, eta etapa garaipenaren bila abiada bizian joan diren tropeleko kideei hanka egiten laga diete.

Hiru kilometroren faltan irentsi du tropel murriztu horrek ia etapa osoa ihesean eman duen bikotea: Enzo Paleni (Groupama) eta Taco Van der Hoorn (Intermarche). Esprint garbia behar zuena, bestalde, Wout Van Aerten eraso batek zapuztu du, baina Visma taldeko txirrindulari flandriarrak ez du bere helbururik bete eta azkenean Alpecin taldeko Kaden Groves australiarra nagusitu da, garbi eta nabarmen. 26 urteko txirrindulari biziak bere palmareseko bigarren garaipena erdietsi du Giroan, aurrez Vueltan zazpi garaipen pilatu ostean.

Mendiko atean

Giroak mendiarekin ostiral honetan aurkituko du lehenengoz: 168 kilometro Castel di Sangro eta Tagliacozzo (Marsia) artean, eta hiru mendate, motzak bezain pikoak. Hor azaldu beharko da Giroa irabazi nahi duten horien gaitasuna, baina aurrez Potenzatik Napolirainoko «maratoia» burutu behar izan dute txirrindulariek.

Etapa luzea bai eta tartean pare bat mendate ere igo behar izan dituzte, baina sailkapen nagusiari begira ez zukeen inolako garrantzirik behar. Baina maiatzean euria ere egiten badaki, baita Italiako hegoaldean ere, eta hantxe nahasi da jardunaldia.

Ez euriagatik bakarrik, ez baita halako erauntsirik inoiz ere erori. Alabaina, tarteka Napoli inguruko errepideak oso labainkor daudela ikusi da, baita tarteka harrotu xamar ere. Horren ondorioz izan da tropeleko eroriko handi hori eta horrek beldurtu eta haserretu ditu txirrindulariak.

Lasterketa neutralizatzea erabaki du orduan Giroko antolakuntzak etapa zein baldintzatan jarraitu argi geratu arte. Esan bezala, Primoz Roglicek ez omen zuen arriskurik hartzeko batere gogorik eta ondorioz, sailkapen nagusira begira lasterketa bere horretan uztea erabaki dute antolatzaileek.

Giroak, izan ere, badu sailkapen nagusia iraultzeko egin nahikoa toki. Hasteko, ostiral honetan bertan, Castel di Sangro eta Tagliacozzo (Marsia) artean dauden 168 kilometroetan.

OSZAR »
OSZAR »