Euskal indarrak ezin dira Madrilen gertatzen denari begira geratu
Urtebete da gaur Imanol Pradalesek agintea eskuratu zuela. Urtemuga hori agertoki nahasi batean dator, «Koldo auzia» dela medio. Jakina, batez ere PSOEri eragiten dio, Madrilen, baina baita euskal administrazioetako EAJren gobernukideei ere. Alegia, PSEri eta PSNri.
Eneko Andueza ziur egon arren, ikusteko dago eskandalu honek ez ote duen PSE zipriztinduko. Hala bada, EAJ erabat libratzea ezinezkoa izango da. Burdinazko itunaren ondorioetako bat da: beste aldearen patuari lotuta zaude.
Pradales lehendakariak ostiralean Parlamentuan agindu zuenez, nahiz eta ustelkeria zantzurik ez izan, gardentasunaren izenean, bere Gobernua «azken hamar urteetan egindako kontratazio publikoaren azterketa sakona egiten ari da».
Ondo dago, baina argitu behar da koalizioaren politikei egindako zuzenketa bat dela, beste bat. EAJk eta PSEk 2022an EH Bilduren proposamen bat bertan behera utzi zuten Legebiltzarrean, G7 enpresa eraikitzaileen kartelak euskal administrazioei nola eragin zien ikertzeko. Espainiako Merkatuaren eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren (CNMC) arabera, enpresa horiek 25 urtez kontratu publikoak nola banatu adostu zuten.
Enpresa horietako bat Acciona zen, noski, orain «Koldo auzian» ustelkeria iturri nagusi gisa agertzen dena eta ia euskal administrazio guztietan obra publikoaren kontratista garrantzitsua dena. Autokritika zintzoa behar da eta sistema honek errotik korrupzioa dakarrela onartu behar da. Bestela, jai dugu.
Madrilen gertatzen denari begira geratu gabe, erakundeek eta jendarteak aurrerantzean jasan ditzaketen eszenatokiak marrazten hasi behar dute euskal indarrek. Eta horietarako prestatzen, denbora galdu gabe.