"}
Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Altzate, Bartzelona, Brusela

Ederra da Marcel Penak 7Kn idatzitako erreportajea Pompeu Fabrak Bilbon eginiko urteei buruz. Katalan modernoari etxea eraiki zion gizonak hamarkada egin baitzuen ur uherren Ibaizabal ertzean ingeniaritza irakasle. Ohar bat: burura etorri zaidan aurreneko gauza da ea kasualitatea den Fabra eta Txillardegi arrakastatsuak ingeniariak izatea. Susmoa dut ezetz, baina tira, ez nituzke hizkuntzalariak sumindu nahi.

Penaren idatzira itzulita, 1906ko gutun batean Fabrak Katalunia eta Euskal Herriaren arteko harremanez hausnartu zuen. Bere ustez, euskaldunei bost axola zien «arazo katalanak», eta bertako jendea, itxura gorabehera, antzekoagoa zen gaztelauekiko katalanekiko baino. Solik sinpatia omen zegoen katalanekiko, gaztelauak amorrarazten zituztenean. Bigarren oharra: isilean ari da pasatzen gurean BBVA-Sabadell auzia ala nire irudipena da?

Bilbok lortu zuen, behinik behin, Fabraren mania handi bat garaitzea, aterkirik gabe irteten baitzen hasieran gizona edonora, baina ez dut uste euskaldunok haren bihotza sobera goxatu genuenik. Unamunok akaso. Ez da ezer gertatzen. George Sand poetak Mallorcari buruz idatzitakoak ez zituen idatzi bederen. Gaitz erdi.

Egunotan Iñigo Urkulluk e-Atlantic fundazioa aurkeztu berri du Fabrak bilatzen zuena aurkitzeko, «Bilbao se me cae encima» baitzioen Pompeu gajoak. Helburuetan arku atlantikoa deritzon lur eremua sustatzeaz gain, multimaila gobernantza eraginkorra bultzatu nahi da, EBn estatukide direnen tokiko autonomia errespetatuko duena eta ez duena EBk erabakiak hartzea geraraziko (sic). Kutxabank, Petronor, Iberdrola edota BBVA bidaide edukita, utziko didazue auzitan jartzen ekimenaren mamia. Estatu mailan pentsatu, jokatu eta interesak horren zorrotz defendatzen dituztenekin eskutik nekez defenda liteke Euskal Erdiaren interesa. Nola, norekin, zertarako. Eliteek eliteentzat eginikoa dirudi eAtlanticek. Diruak eta negozioek badute ahala, baina horrekin bakarrik ezin zaio eman EBri ez duen arimarik. Demokrazian sakontzea da bidea, ez lobbygintza.

OSZAR »

Search

OSZAR »